Melodiekin kulturak elkartuz
Beste behin, kantuekin Gernika-Lumo eta Estokolmo batu dituzte Urdaibai Kantaguneak eta Pressroter eta Klara Roster koruek. Suedian egon dira oraingoan, eta esperientzia "ikaragarria" izan dela diote.
Ezustean eta horrelakorik espero barik. Orain dela urtebete horrela hasi zen Urdaibai Kantagunea Estokolmora eraman duen bidaia. Jai egunean Gernika-Lumoko kaleak abestiz betetzen zebiltzan kantaguneko kideak, eta udalerrian zebilen Estokolmoko Pressroter koruko kide bat. Eskualdeko kantaguneko kideengana hurbildu, eta harremanak estutzeko eta kulturartekotasuna bultzatzeko topaketak egitea pentsatu zuten elkarregaz. Hala, iaz Gernika-Lumon egon ziren suediarrak.
Esan eta egin. Etorri ziren, eta Estokolmora joateko gonbidapena luzatu zieten eskualdekoei. Dena prestatu eta bertan egon dira Urdaibai Kantaguneko kideak Pressroter Koruagaz eta Klara Roster koruekin abesten.
Erronka gogorra izan da. Maiatzaren 21ean, Eric-Ericson Hallen Zentroan 200 pertsonaren aurrean bi orduko saioa eskaini zuten, eta denetariko abestiak kantatu zituzten. Agur Jauna, Ez, ez dut nahi!, Gure esku dago, Cumpagnu, Oi gu hemen eta Agure Zaharra euskal kanta ezagun eta herrikoiak kantatu zituzten Urdaibai Kantagunekoek bakarrik.
Kulturartekotasuna bultzatzeko, baina, hiru taldeen artean Limu, limu, lima kantu suediarra, Thank you for the music eta Hallelujah eta euskarazko Xalbadorren heriotza eta Txoria txori abestiak kantatu zituzten Eric-Ericson Halleneko oholtza gainean. “Oso esperientzia aberasgarria izan da. Gu ez gara gazteak, adinekoak gara, eta 80 pertsona mugitzeko eta Estokolmo ezagutzeko lan gogorra izan da, baina lortu dugu”, adierazi du Ana Mari Ordoñez Urdaibai Kantaguneko kideak.
Euskara bultzatzeko eta ohiturak bultzatzeko kanta herrikoiak abesten dituzte Urdaibai Kantagunekoek. Hala, beste koruekin abestea erronka berria bezain polita izan dela dio Ordoñezek: “Eurek partiturekin abesten dute, bi edo hiru ahotsetara. Gu, baina, ez gara koru formala, eta kontzertu aurretik asko entsegatu behar izan dugu; lekuan zelan mugitu eta doinuak zelan aldatu ikasi dugu. Guretzako erronka handia izan da, kontrasteak aberasgarriak dira, eta lortu dugu”.
Kontzerturen ostean ikusleek eskerrak eman zizkietela azaldu du kantaguneko kideak: “Alaitasuna transmititu geniela esan ziguten. Geugaz dantzatzera eta abestera animatu ziren hainbat. Hunkituta egon ziren”.
Urdaibai Kantaguneko kideak ezeze, Euskal Herriko beste kantaguneetako kideak ere Estokolmora joan dira eurekin. Ordoñezek jakinarazi duenez, Bilbo Kantari koruko zuzendaria laguna dute, eta eurekin joan da. Baita ere Donostiako kantaguneko zenbait abeslari eta Arrigorriagako soinularia ere. Emaitzagaz pozik daude, “prestatutako dena ondo irten delako”.
Herriko kantuak, plazara
Estokolmoko kaleak ere behin baino gehiagotan musikatu zituzten Urdaibai Kantagunekoek maiatzaren 21ean. Kantu herrikoiak abestuz, euskal kulturan ezagunak diren abestiak plazaratu zituzten. “Aurrera eta atzera ibili ginen elkarrekin, eta jendeak, harrituta, irribarre bategaz begiratzen zigun”.
Kalean bizitako momentuak bereziak izan zirela dio, baina une bat aukeratzekotan, Estokolmoko abeslariek eurei eginiko harrera da. “Ongietorri oso berezia eman ziguten, hunkigarria izan zen. Emozioz betetakoa. Areto batean bildu ginen, eta borobilean gure kantaguneko zapi eta txapelak jantzita, euskal kanta ezagunak abesten hasi ziren. Orain dela urtebete Gernikan abestu genituenak”. Ondorengo minutuetan, hango eta hemengo dantzekin girotu zuten iluntzea.
Kantuen laguntzagaz, Estokolmo bisitatu dute. Auzoz auzo eta kalez kale oinez, garraio publiko zein itsasontziz ibili dira. Denetariko esperientziak eta tokiak bizi eta ikusi dituzte, euren memorian esperientzia guztiak gordez. Besteren artean, Vasa Museoa, Skansen Museoa edota alde zaharra ikusi zituzten.
Esperientzia “interesgarri, polita eta errepikatzekoa” izan dela diote abeslariek. Ez da kanpora joan diren lehenengo aldia izan, eta urte batzuk igarota berriro egin ahalko luketela uste dute. Orain, baina, hurrengo hitzorduak prestatzeko lanean dabiltza buru-belarri.