Bi ibilgailuren istripuaren ondorioz, bi orduz itxita egon da Gernika-Lumo eta Markina-Xemein lotzen dituen BI 2224 errepidea
Bizkaibus batek eta furgoneta batek elkar jo dute 10:30ak aldera eta 12:30ean zabaldu dute errepidea. Hamahiru pertsona arin zauritu dira eta Gernika-Lumoko eta Galdakaoko ospitaleetara eroan dituzte.
10:30ak aldera Bizkaibus batek eta furgoneta batek istripua eduki dute Mendatan. Hain zuzen, bi ibilgailuek elkar jo dute Gernika-Lumo eta Markina-Xemein lotzen dituen BI 2224 errepidean (Arratzuko hilerria pasata).
Istripuaren ondorioz, hamahiru bidaiari zauritu dira. Segurtasun Saileko arduradunek esan dutenez, zauri arinak izan dituzte eta zauritutako gehienak Gernika-Lumoko ospitalera eroan dituzte mediku azterketa egitera, eta zenbait zauritu Galdakaoko ospitalera eroan dituzte anbulantzian.
Bi orduz errepidea itxita egon ostean, 12:30ean zabaldu dute errepidea.