Badatoz Azoka Bereziak
Urdaibaiko Txakolina izango da aurtengo denboraldiko lehen azokaren protagonista. Eskualdeko sei txakolindegi egongo dira bihar, Gernika-Lumoko Merkatu plazan.
Ekainetik abendura, hilabeteko lehen zapatuetan Azoka Berezia egiten dute Gernika-Lumoko Merkatu plazan, eta ailegatu da aurtengo lehen hitzordua.
Ohi legez, Urdaibaiko Txakolina ardatz hartuta egingo dute lehena. Bihar, 09:00etatik 14:30era, Busturialdeko sei txakolindegiren erakusmahaiak egongo dira. Hain zuzen, Arratzuko Urdaibai, Gautegiz Arteagako Egala, Gernika-Lumoko Itsasmendi, Ibarrangeluko Hasiberriak, Morgako Telleri eta Muxikako Lapazaran izango dira biharko protagonistak.
Txakolinak gazta pintxoekin dastatzeko aukera edukiko dute Merkatu plazara hurreratzen diren herritarrek. Lau gazta eskoizle egongo dira, eta horietatik bi dira eskualdekoak: Errigoitiko Bizkaigane eta Muxikako Maumeko gazta. Arbizuko Poxtineneko gaztaren ekoizleak eta Urretxuko Jose Ramon Etxabe ere Gernika-Lumora joango dira bihar.
Bestalde, bederatzi artisauk euren eskaintzak jarriko dituzte salmahaietan, eta ogia, euskal pastela, patea eta gildak erosteko aukera ere egongo da. Literaturak ere bere txokoa edukiko du Gernika-Lumoko Urdaibaiko Galtzagorriak-en eskutik.
Gainera, zapaturo legez, eskualdeko baserritarren produktuak erosteko aprobetxatu ahalko dute Azoka Berezira doazenek.