XII. Mugari Bira egingo dute domekan, Ajangizen
Ajangizko mugak zeharkatuko dituen mendi martxa egingo dute domekan. Bi ibilbide izango dituzte bertaratzen direnek. Luzeenak 20 kilometro izango ditu, eta laburrak, 11 kilometro. 08:30ean eta 09:30ean ekingo diote. Izena irteera ordua baino ordu erdi lehenago ematea gomendatu dute antolatzaileek.
Ajangizko mugak zeharkatuko dituen mendi martxa egingo dute domekan [ekainaren 2a]. Hamabigarren aldiz, Ajangizko Jai Batzordeak antolatuta, Urdaibaiko parajeez gozatzeko aukera izango dute herriko jai nagusiak agurtzearekin batera.
Ohi bezala, bi ibilbide izango dituzte bertaratutakoek aukeran. Luzeenak 20 kilometro izango ditu, eta laburrak, ostera, 11 kilometro. Bata zein bestea Ajangizko Plazatik irten eta bukatuko dituzte, udaletxearen aurrean. Osterako, antolatzaileek aditzera eman dutenez, hamaiketakoa prestatuko dute, sagardo eta guzti. Aurten, gainera, izena ematen duten guztiek opari bat jasoko dute.
08:30ean ekingo diote ibilbide luzeari, eta 09:00etan laburrari. Hala ere, gutxienez irteera ordua baino ordu erdi lehenago izena ematea gomendatu dute antolatzaileek, izan ere, egun eguzkitsua izatea espero denez, 230 pertsona inguru batzea aurreikusi dute. Ibilbidean zehar bi hornidura puntu jarriko dituzte, eta horietan txorizoa, frutak eta edariak hartu ahal izango dituzte mendi martxako partaideek.
Ibilbide luzea aukeratzen dutenek Ajangizko Plazan hasi eta Burgoa, Olesko, Argana, Aristieta, Kanpantxuko Plaza, Mentzeta, Eperlanda zeharkatuko dituzte. Jarraian, Arrietagane basora doan bidegurutzea hartuko dute, eta Solaurren eta Petxamenditik igarota, Ajangizko plazara itzuliko dira.
Bestalde, ibilbide laburra egiten dutenek Mentzetara iristean Maierretik jo beharko dute berriz ere herrira bueltatzeko.