Urdaibaiko bidegorria ez dutela "oraindik" gauzatu salatu dute
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bizikleta Plan Nagusia 2003 eta 2016. urte bitartean egitekoak ziren, baina eskualdean “oraindik” ez dela planean egokitutakoa gauzatu salatu dute Bidegorridxe ekimeneko kideek.
Izan ere, Bizikleta Plan horren barruan jasota zegoen Muxikatik Bermeora joateko oinezko eta bizikletentzako ibilbidea, ez dela egin diote. Hala, Autzaganeko bidegorria inauguatu zutenean aldundiko ordezkariek esandako berbak gogoratu dituzte: “Bertan Zornotzatik Muxikara doan oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide jarraitua egingo zela adierazi zuten ordezkariek, baina ez dago horrelakorik”.
Oraindik orain Urdaibaiko biosfera erretserban Foruatik Muruetara doan tarteko bizikleta erraila dela eraikita dagoen bakarra diote: “Bidegorri tarte hori beste bizikleta bideetatik isolatuta dago, eta isi arriskutsua da Foruko Kantaleko hasieran zein Muruetako antzinako udaletxe aurrean”.
Egoera horren berri aspaldi eman zioten Bizkaiko Aldundiko errepideetako zuzendaritzari; orduan, Urdaibaiko ardatz osoa gauzatzeko eskatu zioten aldundiari. Orain artean, aldundiak emandako datuen arabera bizikleta biderako programatutako 52 kilometroetatik 23 eraiki dira, eta hurrengo bi kilometroak eraikitzeko proiektua prest daukate. Hala ere, beste 27 kilometro falta dira. “2019rako bizikleta bideak eraikitzeko Bizkaian euro zaparrada iragarri denez, espero dugu Busturialdean ere zerbait lurreratzea”, adierazi dute.
Beharrezkoa dela bizikleta sarea eraikitzea uste dute, tokiko biztanleriaren eguneroko mugikortasunerako nahiz paisaiak ezagutu nahi dituzten bisitarientzat. Horregatik, bizikleta bidea garraio sistema modura antolatu edo egituratzeko eskatu dute, “behingoz” Gernika-Lumo eta Bermeo arteko bizikleta sareak gauzatzeko.