Gernika-Lumoko Batzar Nagusietarako deia egingo dute Ganekogortatik, domekan
Aurten hamaseigarrenez, Deiadar Mendien Eguna ospatuko dute. Sollube, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira Bizkaiko bost deiadar mendiak, eta aurten, Ganekogorta mendi tontorretik entzungo dira Gernikako Batzar Nagusietarako deia egingo duten adar hotsak.
Ganekogorta mendi tontorretik Gernikako Batzar Nagusietarako deia egingo dute domekan. Hala, hamaseigarrenez, Deiadar Mendien Eguna ospatuko dute. Iaz, Oizeko tontorretik entzun ziren adar hotsak, eta mila pertsona baino gehiago batu ziren. Hala, aurten ere, antolatzaileek parte hartzeko deia egin diete eskualdeotako herritarrei.
Sollube, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira Bizkaiko bost deiadar mendiak, eta aurten, bost urteren ondoren, Ganekogortaren txanda izango da, eta bertatik entzungo dira adar hotsak. Aurten, Bilboko Gailurra taldekoak izan dira igoera antolatzeaz arduratu direnak. Mendien igoera zikloari jarraipena emateko eta hurrengo urtean Gorbeiako igoera antolatzeko Lemoako Ganzabal taldeko ordezkariari emango diote adar ofiziala domekan.
2004az geroztik. 2004an martxan jarritako tradizinoa da honakoa, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, ibilpidea goizeko 08:00etan hasiko da Kobetamendiko aparkalekuan. Zerbait jan eta edan ostean, Ganekogortako tontorrera (998 metro) igongo dira 10:00etatik aurrera, eguerdiko 12:00etan adarrak joteko tradizioa leialtasun osoz betetzeko.
Tontorrean adar hotsa entzun ostean, antolatzaileek jai giroa prestatu dute Pagasarriko zelaietan. Bertan ez dira faltako musika, euskal dantzak, antzerkia, indarrak berreskuratzeko jatekoa eta edatekoa, eta opari bat igoera osoa egiten dutenentzat.