Esku pilotan jokatzeko aukera egongo da Pasealekuko frontoian, domekaro
Doako esku pilota ikastaroak emango dituzte ekainean Pasealekuko frontoi txikian. Hiru saio egingo dituzte eta adinaren arabera banatuko dituzte parte hartzaileak.
Esku pilota ikastaroa antolatu du Arkupe Pilota Taldeak. Hilabete honetan domekaro batuko dira Pasealekuko fontoi txikian, eta beraz domeka honetan [ekainak 2] jarri dute lehen hitzordua. Herrian esku pilota bultzatzea eta indartzea dira helburu nagusiak, izan ere, jolasaren bitartez, gaztetxoenen artean kirol hau zabaldu nahi dutela adierazi du Jabi Gelbentzu Arkupeko kirol arduradunak.
Doako ikastaroa da, eta printzipioz ekainerako antolatu dute. Hala ere, ekimenak izandako erantzuna baloratu ostean, uztailera arte luzatzeko aukera egon badagoela ohartarazi du Gelbentzuk. Abuztuan oporrak hartu, eta irailean ere, jarraitzeko asmoa dutela azaldu du.
Jaiotza-urtearen araberako txandak egingo dituzte: 10:30etik aurrera, 2012. urtean jaiotako neska-mutilek izango dute esku pilotan jokatzeko aukera; 11:10ean hasita, 2011n jaiotakoek; eta azkenik, 11:50etik aurrera, 2010ean jaiotakoek. Saio bakoitzak 45 minutu inguru iraungo ditu eta hamarna ume gerturatzea espero dute antolatzaileek.
“Iaz konpondu zuten Pasealekuko frontoiari erabilera eta bizia eman nahi diogu”, azaldu du Gelbentzuk. “Gainera, gustatuko litzaiguke udako ikastaro hauetara bertaratzen diren neska-mutilek gero esku pilota taldean izena ematera ere animatzea”, gaineratu du Arkupeko kirol arduradunak.