Bermeoko Goiko Plaza 1.000 loregaz apainduko dute lore azoka berezia ospatzeko
Ekainaren 1ean egingo duten azokaren barnean hainbat ekimen prestatu dituzte.
Bermeoko Alde Zaharreko goiko plazari “bizia, kolorea eta edertasuna” emateko helburuagaz, 1.000 bat loregaz apainduko dute gunea. Izan ere Bermeoko Udalak, herriko zenbait denda eta elkarteren laguntzagaz, laugarren aldiz lore azoka egingo du ekainaren 1ean, zapatuan.
Dagoeneko hasi dituzte goiko plaza apaintzeko lanak. Kioskoa, udaletxea eta inguruko etxebizitzak mota eta kolore guztietako loreekin bete dituzte: surfiniak, boj motako zuhaixkak edota marrubi landareak daude ikusgai, beste askoren artean. Lortutako emaitza “ikusgarria” dela adierazi dute arduradunek.
Ekimena aurkezteko Irune Ormaetxea Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotzia izandakoa, Santi Murua Berualako zuzendariak, Susana Regidor Kulturako teknikaria, Nere Mintegi Behargintzako zuzendaria eta Bego Gangoiti Turismo arduraduna batu ziren barikuan. Horiekin batera ekimenean parte hartzen duten elkarteetako ordezkariak egon ziren: Peña Barrueta Arte elkartea, Haitz Nagusije auzo elkartea, Gaztelugatxe gozotegia, T-Kimua, Kuku Enea, Uhaina surf & art eta Katokale trebetasun jokoak. Nola ez, Flores Lourdes, Murueta lorategia eta Aintzane loradenda ere izan ziren aurkezpenean.
Era guztietako ekimenak. Bertan adierazi zutenez, azokak 10:00etatik 15:00etara bitartean irekiko ditu bere ateak. Ordutegi horren barnean hainbat ekimen prestatu dituzte: loreen erakusketa eta azokagaz batera, lorak eta bestelako produktuak saltzen dituzten postuak jarriko dituzte: gozokiak, kafea, tea edota txokolatea, adibidez.
Beste urte batez, Bermeoko eskoletako umeek Alde Zaharra gai modura hartuta egindako marrazkien erakusketa egingo dute. 13:30etan marrazki onenen sari banaketa izango da, Peña Barrueta elkarteak antolatuta.
Gainera, elkarteak Alde Zaharreko dendetako erakusleihoetan jarritako arte lanei buruzko fitxak bete ahalko dituzte hurreratzen direnek, eta horien artean opari txikiak banatuko dituzte.
Uhaina surf & art dendak eskuz egindako arropa eta moda jasangarria ikusi eta eskuratzeko aukera egongo da, Kuku Enearen jostailu bereziekin batera. Katokale trebetasun jokoak eskainiko dituen pista jokoekin gozatzeko aukera ere edukiko dute ume zein nagusiek.
Gainera, Aintzane loradendak umeentzako tailerrak antolatu ditu. Aurten ingurumenaren aldeko aldarria egingo dute tailerrek, plastikozko botiletan landareak landatzeko aholkuekin.
Lore azokaren antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte ekainaren 1ean Alde Zaharrera hurreratzera. “Giro ezin hobea izango dugu Bermeoko Alde Zaharrean eta lorak, gozoak eta gauza bitxiak ikusteko eta erosteko eta musika eta beste ekimen batzuekin gozatzeko aukera izango dugu”. Gainera, Alde Zaharreko bizilagunei beraien etxeak apaintzeko eskaria egin diete.