"Herriko gazteen aldeko apustua egitea izan behar da Gernikaren filosofia"
2014. urtean igo zen Gernika Club 2.B mailara, eta lau urte eta gero, 3. mailan jokatuko du hurrengo denboraldia. Orain, harrobiko gazteen aldeko apustua egiteko unea dela dio gernikarrak.
42 puntugaz eta hamazazpigarren postuan amaitu du liga Gernika Clubek. Denboraldi «gogorra» izan da, baina azken unera arte 2.B mailan jarraitzeko itxaropena izan dute. Azken hiru norgehiagokak irabazi behar zituzten, eta lortu zuten. Hala ere, azken jardunaldiko beste emaitzen menpe zegoen talde gernikarraren etorkizuna, eta emaitzak ez ziren gogokoak izan. Orain, harrobiko gazteen unea dela uste du Lander Torrealdai taldeko kapitainak.
Azken unera arte itxaropena mantendu arren, mailari eusteko erronkak ihes egin dizue.
Hori da gauzak azken momentura arte uzteak dakarrena. Urte gogorra izan da, askotan jausi izan gara, eta golpe asko hartu ditugu. Hala ere, askotan zutundu gara, baina ez, azkenean ez dugu gure helburua lortu.
Urte zaila izan da, baina azken hiru partiduak irabazi egin behar zenituzten, eta egin duzue.
Azken hiru partiduak irabazita, gure taldeak ez duela inoiz amore eman erakutsi dugu. Maila mantentzea oso zail zegoela jakin arren, azken minutura arte dena eman dugu, borrokatzen jarraitu dugu, eta horregaz geratu behar gara. Heldu garen tokiraino iritsi gara. Pena bat da, bi-hiru puntugatik maila ez mantentzea, baina bestelako bizipen batzuk jaso ditugu, aldagela barrukoak, eta horiek dira edozein sailkapenen baino garrantzitsuagoak niretzat.
Azken txanpan aurkari zuzenen aurka galdutako azken bi partiduetan egon dela gakoa uste duzu?
Denboraldi amaierako azken hiru partidu horien aurreko biak aurkari zuzenen kontra jokatu genituen, eta biak galdu. Horietako bat irabaziz gero, maila mantentzea lortuko genuke. Momentu horretatik aurrera, hiri jardunaldiren faltan, taldea hilda zegoela eta ez zegoela zer eginik ematen zuen, baina aurkakoa gertatu zen. Elkarrekin egoteko eta indarrak hartzeko askaria egin genuen, eta ikusi da, jendeak esperantza gutxi izan arren, guk azkenera arte ez dugula etsi. Itxaropena da galtzen den azkena, eta azken partiduko azken momentura arte eduki dugu.
Bi partidu horiek galtzea taldearentzako inflexio puntua izan zen?
Denboraldiko partidu erabakigarriak izan ziren, eta une horietan ez genituen lortu beharreko puntuak eskuratu. Etorkizuna oso ilun ikusi arren, taldeak aurrera egin zuen, eta azken hirurak irabaztea lortu genuen. Horrek taldeari buruzko gauza asko esaten ditu. Inflexio puntua izango balitz, azken hiruretan ez ginen lehiatzera joango, eta ez genituen partiduak irabaziko.
Denboraldian non egon da irabazteko gakoa?
Ez ditugu partidu asko galdu, baina kosta egin zaigu norgehiagokak irabaztea. Asko izan dira berdindu ditugunak. Partidu askotan jokoan nagusi izan arren, ez ditugu aurrera ateratzea lortu, eta niretzat hor egon da gakoa. 18 norgehiagoka berdindu ditugu, eta horietatik pare bat irabaziz gero, orainik 2.B mailan egongo ginateke. Batzuetan gehiago merezi izan dugu.
Atzera begiratuta, zer falta izan zaio taldeari mailaz ez jaisteko?
Zaila da horri erantzutea, baina momentu esanguratsuetan asmatzea falta izan zaigula uste dut. Xehetasun txikietan ez dugu asmatu, eta horrek eraman gaitu partidu asko detaile gutxigatik berdintzera edota galtzera. Beste urte batzuetan meritu berdinak eginda, xehetasun horrek alde izan ditugu, eta aurten, tamalez, ez. Zentimetro bat gorago edo beherago egoteak futbolean baloia sartzea edo huts egitea esan nahi du, eta denboraldia zentimetro horietan egon da.
Zelan daude taldekideen sentsazioak orain?
Sentsazio gazi-gozoa da daukaguna. Alde batetik ikusten duzu mailaz jaitsi garelako, baina beste batetik jendea zoriontsu egin duzula edo zoriontsu egiteko gaitasuna duzula ikusteak zapore goxoa eragiten du. Eta hori da barruan geratzen zaizun sentsazioa da, asko betetzen du.
“Gernikak aurrera jarraituko du. Behin eta berriz erori arren, altxatu egingo gara”
Urte gogorra izan da. Emaitzak jaitsiera islatzen du, baina zu bizitako uneekin geratzen zara.
Beti esaten da Gernika Club familia bat dela, baina nik uste dut ahoz aho esateak ez duela balio. Hala, aurten ekintza desberdinak burutu ditugu. Familia sartu dugu aldageletan, zaleei zuzendutako bertsoak egin ditugu, beheko mailetako taldekideak sartu ditugu… talde honek eduki duen giro ona, eduki ditugun bizipenak oso politak izan dira, eta ni horregaz geratzen naiz. Bizitza gozatzeko da, eta sailkapenean jaitsi arren, egunerokotasunean asko gozatu dut.
Orain berriro aurrera begiratzea tokatzen da.
Bai, datorren urtean berriro 3. mailan jokatuko dugu bere alde on eta txarrekin. Pena da 2.B mailan dauden talde erakargarrien kontra ez jolastea, baina beste alde batetik, herriko gazte eta harrobikoentzat aukera polita da 3. mailako taldean aritzea. Izan ere, gazteentzat 2.B mailara salto egitea zailagoa da maila gehiago eskatzen duelako, baina 3. mailan jokatzeko aukera gehiago izango dute gazteek. Hori izan behar da Gernikaren filosofia, herriko gazteen aldeko apustua egitea eta eurekin aurrera joatea. Gainera, harrobian dauden gazteek exijitzen den gaitasun eta maila hori badaukatela uste dut. Gernikak beste mota bateko apustuak egiteko aprobetxatu behar du 3. maila.
Beste mota bateko apustu horregaz gora egitea da helburua?
Urte batzuk igaro beharko dira gazte horiek mailara egin bitartean, baina Gernika Clubek lortutako bi igoerak taldean 10-15 gernikarrekin eskuratutakoak izan dira. Herriko jende asko egon denean igo da taldea, eta horretara bueltatu behar gara. Urte batzuetako trantsizioa beharko da, baina bertoko gazteen aldeko apustua eginda, arinago edo beranduago berriro 2.B mailara igotzen saiatu behar gara, etxeko jendeaz ahaztu gabe. Gernikak aurrera jarraituko du. Behin eta berriz jauzi arren, altxatzen jarraituko dugu.
2014an igo zen Gernika, eta zu taldean zeunden. Igoeraren eta jaitsieraren bizipen on eta txarrak dituzu.
Normalean momentu ontzat igoerako urtea hartzen da, eta txartzat jaitsiera. Nik, baina, gehiago gozatu dut bidean. Taldekideei esan bezala, asko gozatu dut urte hauetan izan ditudan bide lagunekin. Polita da sailkapenean igotzea, baina garrantzia gehiago ematen diot egunerokotasunean gustura egoteari. Eta aurten, hori da gehien baloratu duguna. Mailaz jaitsi gara, harantza hori daukagu, baina barrutik beteta sentitzen gara aldagelan lortu dugun harmoniagaz.
Zaleekin ere gertutasuna eduki duzue, eta beti egon dira animatzeko prest.
Irabazten duen taldeagaz joatea erraza dela esaten da, baina gure zaleak gugaz egon dira. Azken partiduan, jaitsi ginen unean, geugaz egon ziren abesten, argazkiak ateratzen… maila mantentzea lortu genuela ematen zuen. Pozik egon ziren urte hauetan eman diegunagatik, eta euren esker ona erakutsi ziguten. Denboraldi honetan taldera etorritako jokalariak harrituta geratu ziren zaleen jarraipenagaz, eta asko eskertzen da. Hor ikusten da jokalari eta zaleen arteko harremana.