Goieaskoetxeari boto eskubidea "urratu" diotela salatu du Busturiko EH Bilduk
"Onartezina" den eskubide urraketa salatzeaz gain, Busturiko EH Bilduko ordezkariek euren erabakia hartu dute, eta maiatzaren 26ko iluntzean boto bat gehiago zenbatuko dute, "Ibonena".
Ibon Goieaskoetxeak, Mont-de-Marsanen preso dagoen busturitarrak, ezin izan zuela Kongresu eta Senaturako botoa eman salatu du Busturiko EH Bilduk. Hala, busturitarraren eskubide politiko eta zibilak “berriro urratu” dituztela diote: “Jada publiko egin da denok genekiena, Ibon Goieaskoetxeari bere eskubide politiko eta zibilak berriro urratu dizkiote, ez berak hala erabakita”.
Hori horrela, Espainian zein Frantzian dauden eta boto eskubidea erabili gura duten euskal presoek “zailtasunez jositako prozesuak” jarratu behar dituztela adierazi dute: “Azken zita horretatik jasotako datuek konfirmatu dute Espainian ez bezala, Frantzian euskal preso politikoek zailtasunez jositako prozesuak jarraitu behar dituztela euren eskubideak betetzea lortzeko, besteak beste identifikazio dokumentazioarekin edo egin beharreko tramiteekin”.
Halaber, presoen eskubide horiek bermatzea Espainiar Kontsulatuaren beharra dela gogoratu dute. “Gustatu ala ez, espainiar nazionalitatearen jabe dira, eta Europako, Batzar Nagusietako zein udaletako hautagaiak aukeratzeko eskubide dute”, gogoratu dute koalizio abertzaleko kideek.
Boto bat gehiago. Busturiko EAJk bere agintaldiko balantzean marrazten dauen “bake idilikoa” ez dela horrela esan dute EH Bildukoek. Hala, “onartezina” den eskubide urraketa salatzeaz gain, Busturiko koalizio abertzaleko ordezkariek euren erabakia hartu dute, eta maiatzaren 26ko iluntzean boto bat gehiago zenbatuko dutela diote, “Ibonena”.