Oier Lazkanok irabazi du 22. San Isidro Sari Nagusia, Natxituan
Bizkaiko Txapelketa lehiatu dute, eta elite mailan Julen Amarika izan da txapelduna eta 23 urtez azpikoetan Jon Barrenetxea.
Caja Rural taldeko Oier Lazkano izan zen azkarrena zapatuan Natxituan lehiatu zuten 22. San Isidro Sari Nagusian. Gainera, Bizkaiko Txapelketa ere lehiatu zuten, eta elite mailan, Ederlan taldeko Julen Amarika nagusitu zen eta 23 urtez azpikoetan, berriz, Baque taldeko Jon Barrenetxea.
Lasterketari dagokionez, aurten inoizko parte hartzerik handiena izan dutela azpimarratu dute antolatzaileek; 153 txirrindularik lehiatu zuten. 118,9 kilometroko lasterketa izan zen, eta irabazleak bi ordu, 59 minutu eta 24 segundotan amaitu zuen. Bost segundora helmugaratu zen Lizarte taldeko Carlos Ruiz, eta Mikel Mujikak (Eibar Energia Hiria-Debabarren) osatu zuen podiuma, irabazlearengandik hamabi segundora amaituta. Hain zuzen, lehen hiru sailkatu horiek 23 urtez azpikoak izan ziren.
Halaber, Lazkanorentzat izan zen tarteko helmugetako saria eta mendikoa, ostera, Eiser Hirumet taldelo Josu Urrutiak jaso zuen. Tartekako helmugakoan, Santiago Mesa (Eulen) izan zen bigarrena eta Marc Buades (Ederlan) hirugarrena. Mendiko sailkapenean, Caja Ruraleko Andoni Lopez de Abetxuko eta Lazkano sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan. Bestetik, taldekako saria, Ederlanenatzat izan zen, eta Cajar Rural eta Lizarte sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Bizkaiko Txapelketa. Bestalde, Bizkaiko Txapelketaren sailkapen nagusiei dagokienez, elite mailan, Xabier Ortuzar (Elorrioko Banan-Banan ZKE) geratu da txapeldunorde, eta Eiser Hirumet taldeko Hugo Rouland eta Jon Munitxa sailkatu dira hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren. 23 urtez azpikoetan, Eiser Hirumet taldeko lau txirrindulari sailkatu dira Barrenetxea txapeldunaren atzetik. Arkaitz Agirre geratu da txapeldunorde eta Jon Polledo hirugarren.