Hirugarren mailara jaitsi da Gernika
Talde gernikarrak azken jardunaldian garaipena eskuratu badu ere, Hirugarren mailan jokatuko du hurrengo denboraldian.
Egun gogorra bizi izan zuen atzo SD Gernika Cluba osatzen duen familiak. Denboraldi latza izan da klubarentzat, eta azken unera arte esperantza mantendu arren, mailari eusteko erronka ezin izan dute bete. Lasesarren lehiatu zuten atzo azken jardunaldia, eta Gernikak 1-2 irabazi zion Barakaldoko taldeari. Alabaina, 2.B mailari agur esan dio eta Hirugarren mailan ariko da 2019-2020 denboraldian.
42 puntugaz amaitu du liga talde gernikarrak, hamazazpigarren postuan. Beragaz bateramailaz jaitsi dira, CD Vitoria, Gimnastica eta SCD Durangoeta Real Unionen play off-a jokatu beharko du.
Klubak bideo bat zabaldu du sare sozialetan eta Lander Torrealdai jokalari gernikarrak hitz egin du jokalari guztien izenean. Bizi izan duten urte gogor honetan, momentu latzenetan izan duten babesa eskertu gura izan dute. Azken minutura arte borrokatzen egon arren, ezinezkoa izan dela adierazi dute. Hirugarren mailan ere borrokatzen jarraituko dutela-eta, zaleak alboan izatea espero dute. Era berean, “lehenago edo beranduago 2.B mailara bueltatuko” direla azpimarratu dute.