Gorka Learretak irabazi du XI. Barikuetan Jai Alai amerikar kiniela txapelketa
Ibon Urrutxua eta Eneko Arandia bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren. Bestalde, eskolarteko Bizkaiko Txapelketan Javier Urrutia eta Ander Moreno Gernika Jai Alai Eskolako bikotea nagusitu da txiki mailan.
Barikuan lehiatu zuten XI. Barikuetan Jai Alai amerikar kiniela txapelketaren finala, eta Gorka Learreta da aurtengo irabazlea.
11 zestalarik lehiatu dute aurtengo txapelketa. 92 tantogaz nagusitu da Learreta; 87 tanto bildu ditu Ibon Urrutxua bigarrenak eta Eneko Arandia sailkatu da hirugarren postuan, 78 tantogaz. Learretak bi kiniela irabazi ditu, eta bitan geratu da bigarren. Urrutxuak bi kiniela irabazi eta beste bitan hirugarren postuan geratu da, eta Arandiak bi lehenengo postu, eta hirugarren eta laugarren postu bana eskuratu ditu.
Gernika Jai Alai Eskolako arduradunek txapelketa honen izaera azpimarratu, eta aurten ere ondo joan dela adierazi dute: “Txapelketa polita da. Aurten multzo gutxiago eduki ditugu, baina, ondo joan da, eta jendea etorri da”. Halaber, txapelketa antolatzeko izan duten laguntza azpimarratu dute: “Baserria KMO eta Eusko Labeli eskerrak eman behar dizkiegu; eurei esker antolatu ahal izan dugu txapelketa”.
Bizkaiko Txapelketa. Bestalde, alebin eta infantil mailetako eskolarteko Bizkaiko Txapelketaren finalak jokatu zituzten atzo, eta Javier Urrutia eta Ander Moreno etxeko bikotea nagusitu zen infantil mailan. 25-13 mendean hartu zuten Markina-Xemeingo zesta eskolako bikotea. Hain zuzen, txapelketaren partidu guztiak irabazi ditu Gernika Jai Alai Eskolako bikoteak.
Alebinetan, ostera, Berriatua eta Gernika aritu ziren aurrez aurre, eta klub gernikarreko Eñaut Astelarra eta Eneko Intxausti txapeldunorde geratu ziren; 25-19 irabazi zuen bikote berriatuarrak.
XI. Barikuetan Jai Alai (sailkapena):
- 1.- Gorka Learreta
- 2.- Ibon Urrutxua
- 3.- Eneko Arandia
- 4.- Aritz Arratibel
- 5.- Oier Diaz
- 6.- David Vega
- 7.- Asier Basaguren
- 8.- Iñigo Unda
- 9.- Xabier Aranburu
- 10.- Lander Aranburu
- 11.- Iñigo Lezamiz