Bermeo nagusitu da Bizkaiko Trainerilla Txapelketan
Gizonezkoen absolatu mailako txapeldunak dira, eta emakumezkoetan Kaiku. Gazteetan, berriz, Isuntza izan da onena.
Bizkaiko Trainerilla Txapelketa lehiatu dute asteburuan, Ondarroan. Atzo lehiatu zituzten finalak, eta Bermeok irabazi zuen gizonezkoen absolutu mailakoa. Emakumezkoetan, berriz, Kaiku da aurtengo txapelduna eta mutilen gazte mailan Isuntza.
Zapatu arratsaldean lehiatutako sailkapen estropadetan, maila bakoitzetik bost talde sailkatu ziren finaletara. Hamabost minutu, hamabi segundo eta 90 ehuneneko denboragaz nagusitu zen Bermeoko taldea, atzo. Zortzi segundo eta 26 ehunenera amaitu zuen Isuntza bigarrenak eta Ondarru izan zen hirugarrena, irabazlearengandik hamar segundo eta 42 ehunenera. Zierbena eta Itsasoko Ama sailkatu ziren ondoren.
Gizonezkoetan baino alde handiagoa egon zen emakumezkoen absolutu mailan, baina, halere minutu baten barruan sartu ziren lehen hirurak. 18:36.11 markatu zuen Kaikuk; 46 segundo eta 23 ehunenera sailkatu zen Ondarru, eta 56 segundo eta 23 ehunenera Isuntza. Lutxana eta Deustu sailkatu ziren laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren.
Gizonezkoen gazte mailan, Isuntza txapeldunagaz batera, Zierbenak eta Arkotek osatu zuten podiuma. Hamasei minutu, 25 segundo eta 57 ehunenetan burutu zuten estropada lekeitiarrek. 26 segundo eta 62 ehunenera sartu zen Zierbena, eta 38 segundo eta 57 ehunenera Arkote. Deustu eta Itsasoko Ama geratu ziren podiumetik kanpo.
Euskadikoa. Bizkaikoaren ostean, Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute asteburu honetan, eta hori ere Ondarroako uretan erabakiko da. Hain zuzen, zapatuan 16:30ean hasiko da sailkapen estropaden lehia (15:00ean egingo dute delegatuen batzarra, arrantzaleen kofradian), eta domekan, 11:00etatik aurrera lehiatuko dituzte finalak (09:30ean delegatuen batzarra).