Aldai-Espinar eta Salaberria-Cuairan garaile, Ajangizen
Ajangizko VII. Esku Pilota Txapelketaren finaletako ikuskizunagaz pozik eta gustura geratu dira antolatzaileak. Aldai eta Espinar bi tantoko aldeagaz nagusitu zaizkie Aldairi eta Arrizabalagari. Salaberria-Cuairan eta Lerena-Garcia bikoteen arteko finalean alde hangiagoa egon da.
Ajangizko VII. Esku Pilota Txapelketaren finalak lehiatu zituzten atzo. Umetxo, kimu eta txiki mailetako neurketak lehiatu zituten lehenengo, eta ondoren emakumezko profesionalen eta lehen mailako afizionatuen arteko finalekin gozatu zuten herriko frontoira hurreratu zirenek. “Nahiz eta eguraldi eskasa egin, jendea batu zen; giro ederra izan genuen, eta horrek pozten gaitu. Eguna polito joan zen eta finaletako ikuskizunagaz pozik gaude. Orokorrean, txapelketa osoagaz gustura geratu gara”, adierazi dute Gantzabale Elkartearen arduradunek.
Emakumezkoen txapelketa lehenengoz jokatu dute, eta punta-puntako pilotarien partiduak jendearen ikusmina eragin zuela zehaztu dute. Aldaik eta Espinarrek 18-16 hartu zituzten mendean Aldai eta Arrizabalaga.
Bestalde, lehen mailako afizionatuetan alde handiagoa egon zen. Salaberria-Cuairan bikotea 22-11 nagusitu zitzaion Lerena-Garcia bikoteari. “Uste genuen baino desoreka handiagoa egon zen. Cuarainek kristoren diferentzia markatu zuen; atzeko koadroetan erabat agindu zuen. Nagusitasun hori ondo aprobetxatu zuen Salaberriak eta kristoren enpatxua hartu zuen gantxoak sartzen eta tantoak egiten. Jo eta ke tantoak egiten aritu zen”, azaldu dute antolatzaileek.
Urtero, maila guztietan sari berezi bat banatzen dute; partiduan nabarmendu den pilotaria saritzen dute: “Jokalari bat azpimarratzen dugu. Bere dohaiak aprobetxatu dituena saritzen dugu; bere jokabideagatik, kantxan egoteko eragatik, esfortsuagatik eta txukuntasunagatik saritzen dugu”. Espinarrek eta Salaberriak jaso zuten aipatu saria.
Umetxoen finala lehiatu zuten lehenengo, eta Bengoetxeak eta Rochak 18-9 irabazi zieten Uriarte eta Goikoetxeari. Bengoetxeak jaso zuen jokalari eredugarriaren saria, baina, antolatzaileek esan dutenez, “edozeinek jaso zezakeen”. Alebinetan, Lopez eta Argarate izan ziren aurkariak baino hobeak; 16-18 galdu zuten horien kontra Urzelai anaiek. Partidu horretan, Antton Urzelaik jaso zuen sari berezia. Txiki mailan, berriz, Lakak eta Alonsok 18-11 hartu zituzten mendean, Kareaga eta Perez. Alonso izan zen azpimarratutako pilotaria.
Hurrengo hitzordua. Ajangizko VII. Esku Pilota Txapelketa amaituta, hurrengo hitzorduari begira daude Gantzabale Elkartearen kideak. Uztailaren 12an horma bakarreko frontoian lehiatzen duten txapelketa hartuko du plazako frontoiak, “dagoeneko klasiko bihurtu den hitzordua”.