Forua gertutik ezagutzen duen taldea aurkeztu du EH Bilduk
Gemma Zabala buru, herria hobetzeko proposamenekin aurkeztuko da koalizioa udal hauteskundeetara.
Herritarren parte hartzean sinisten duelako, herria denen artean egiteko proposamena egin du Foruko EH Bilduk. Bariku arratsaldean egin zuen ekitaldia, eta zerrendaburua den Gemma Zabalak esan zuenez, 10 laguneko zerrenda aurkeztu arren, Foruko EH Bildu 10 lagun baino gehiagok osotzen dute. Talde lanean sinisten dutelako, herritarren artean hiru talde sortu dituzte, udalean egingo duten lanari babesa emateko: hiriguntza, landa-eremua eta kultura.
Hirigintza eta mugikortasun planen artean, besteak beste, espazio eta zerbitzu berriak eskaintzen ditu koalizioak: Frantziskotarren eremuan estalitako frontoia egiteko, pediatria zerbitzua eskatzeko edota San Kristobal eta San Gregorio ermitak ere erlijiosoak ez diren ekimenen erabilerarako egokitzeko konpromisoa du. Mugikortasun arloan, herritarrak erdigunean jarri gura ditu. Horretarako, Murueta eta Gernika lotzeko bidegorria amaitzearen beharra, auzoetarako bideak konpontzearen beharra eta adineko zein mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzako taxi zerbitzua jartzearen beharra ikusten du Foruko EH Bilduk.
Aukerak zabaldu. Landa eremua balorean jartzearena da Zabalaren taldearen beste apustuetako bat. Ortu publikoak sortzea eta alokairuak bultzatzea, eskualdeko produktuen kontsumoaren alde egitea, herritarrak birziklatzearen garrantziarekin kontzientziatzea eta hori errazago egiteko zabor puntu gehiago jartzea, kirol ariketak egiteko eremu libreak sortzea, kirol aukera dibertsifikatuak eskaintzea edota herrian kirol ekimen, proba eta txapelketa gehiago antolatzea proposatu dute.
Herri bizia ere nahi du Foruko EH Bilduk, eta kultura zaindu. Horrela, herritarren eskura ipini gura ditu Foruko ekipamenduak, herriko gazteentzako baliabideak sortu gura ditu, kultur programazio zabalagoa eskaini eta herriko zein herritarren historiari dagokion garrantzia eman.
HAUTAGAIAK
1. Gema Zabala Odriozola
2. Hibai Muniozguren Bilbao
3. Maite Llona Goikolea
4. Amaia Campillo Gallardo
5. Unai Argarate Belategi
6. Lukene Uriarte Arrieta
7. Daniel Zubiaga Elordieta
8. Ander Izagirre Gerekaetxebarria
9. Maria Jesus Urrutxua Ikaruriaga
10. Ainhoa Madariaga Agorria