XI. Barikuetan Jai Alai kiniela amerikarraren finala lehiatuko dute bihar
Bestalde, kimu eta txiki mailetako eskolarteko Bizkaiko Txapelketak jokatuko dituzte Jai Alai frontoian, domekan.
Apirilaren 19an hasi zuten XI. Barikuetan Jai Alai kiniela amerikarraren txapelketa, eta bihar lehiatuko dute finala.
Txapelketaren aurretik, gazteen partidu bat jokatuko dute. Asier Arratibelek eta Aimar Astelarrak Javier Urrutiaren eta Ander Morenoren kontra jokatuko dute, 18:00etan hasita. Hain zuzen, Gernika Jai Alai eskolaren arduradunek esan dutenez, Bizkaiko Txapelketaren finala prestatzeko baliatuko dute partidua.
Hala, 19:00etan hasiko dute finala. Urko Lekerika, Xabier Aranburu, Aritz Arratibel, Lander Aranburu, Eneko Arandia, Gorka Learreta, Oier Diaz, Ibon Urrutxua, Iñigo Unda eta David Vega dira aurtengo kiniela amerikarra lehiatu duten zestalariak.
Behin-behineko sailkapenan Urrutxua dago lehen postuan, 73 puntugaz; bi kiniela irabazi ditu eta beste batean hirugarren sailkatu zen. 66 puntu ditu Arandia bigarrenak, eta horrek ere bi irabazi eta hirugarren postu bat eskuratu du. Arandiak baino puntu bat gutxiago dauka Learretak; kiniela bat irabazi eta bitan bigarren geratu da.
Ondoren, elite mailako partidua hartuko du frontoiak. Gontzal Beaskoetxea-Ekaitz Oar-Arteta eta Xabier Urrutxua-Mikel Mancisidor bikoteen arteko partidua 20:00ak aldera hasiko da.
Bizkaiko Txapelketa. Bestalde, kimu eta txiki mailetako eskolarteko Bizkaiko Txapelketak jokatuko dituzte Jai Alai frontoian, domeka honetan [maiatzak 19].
11:00etatik 12:00etara zestan hasi berri diren umeen topaketa egingo dute, eta ondoren lehiatuko dituzte finalak. Kimu mailako finalean, Gernika A eta Berriatua C ariko dira zein baino zein gehiago (12:00). Astelarrak eta Intxaustik osatuko dute bikote gernikarra. Ondoren, txiki mailako finaleran Markina A eta Gernika A lehiatuko dira; Urrutia-Moreno izango da etxeko bikotea.