Rap doinuen zaleentzako jaia antolatu du Iparragirrek
Egun osoko egitaraua prestatu dute.
IpaRAPgirre jaialdia egingo dute zapatuan Gernika-Lumon. Iparragirre Rock elkarteak antolatuta, rock estiloaz haragoko kultura musikalaren aldeko apustua egiten du elkarteak. Hala, goizean hasita, graffitien artearekin zuzenean gozatzeko aukera izango da Iparragirreren lokalaren aurrean. Herriko hamar artista ariko dira, zuzenean, marrazkiak egiten.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, ez da rap musikan oinarritutako jaialdia antolatzen duten lehenengo aldia. Duela 10 urte egin zuten hip-hop musika ardatz zuen jaialdia, eta oso gustura geratu ziren. Orduz geroztik ez dute berriro egin, baina aurten, gogotsu, hip-hop jaialdia prestatzeari ekin zioten.
Gangar proba izango da eguneko ekitaldirik bereziena. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko parte hartzaileak espero dituzte, eta egunean bertan ere izena emateko aukera izango da.
Gaueko kontzertuak 21:30ean hasiko dira eta, izena duen Shintoma bilbotarrak kritika bikainak dituen Ziakhus gazte gasteiztarrarekin partekatuko du gaua.
EGITARAUA:
10:00. Graffitiak zuzenean, Iparragirre aurrean. Tokiko 10 artistak parte hartuko dute.
18:00. Gangar Proba.
21:30. Kontzertuak: Shintoma + Ziakhus.