Gaztelugatxerako sarrera mugatu egingo dute berriztatze obrak egiteko
Obrek hilabete irautea aurreikusi du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri duenez, Gaztelugatxeko San Juan baselizara igotzeko eskailerak berriztatzeko obrei hasiera eman diete. Lanak gauzatu ahal izateko irlatxorako sarbidea mugatzea beharrezkoa dela adierazi du aldundiak.
Obrak amaitu bitartean, baselizara igo nahi duten bisitariek 10:00etatik 20:00etara bitartean baino ezin izango dituzte erabili eskailerak, betiere foru erakundeak Gaztelugatxera igotzeko eta jaisteko fluxuak kontrolatzeko jarriko dituen langileen ikuskaritzapean.
Baselizarako sarbidea itxita egongo da aipatutako ordutegi horretatik kanpo. Egin dituzten aurreikuspenen arabera, obrak gauzatzeko hilabeteko epea beharko dute. Hala ere, lanen iraupena baldintza meteorologikoen araberakoa izango da.
Gune ezegonkorrak. Sarbiderako zubian eta eskaileretan egiten ari diren obrekin gunearen ondoan dagoen maldan nabaritu dituzten harkaitzeko gune ezegonkorrak sendotzea dute helburu.
Lan horiei otsailean Gaztelugatxe, Matxitxako eta Bermeo arteko errepidearen seinaleztapena hobetzeko hasitakoak eta Matxitxakorako sarbideko errepidea hobetzeko maiatzean hasitakoak gehitu behar zaizkio.