Ajangizko Esku Pilota Txapelketaren finalak, domekan
Gizonezkoen kategoria desberdinetako finalez gain, emakumezkoen txapelketa jokatuko dute Arrizabalaga-Espinar eta Alday-Etxaniz bikoteek.
10:00etan hasiko da domekako pilota jaialdia. Aurreko bi domeketan, gizonezkoen umetxo, alebin, infantil eta lehen mailako afizionatuen finalaurrekoak jokatu dituzte eta domeka honetan [maiatzak 19] erabakiko dira txapeldunak. Bestalde, emakumezkoen txapelketa lehenengoz egin dute aurten, eta partidu bakarrera erabakiko da bikote txapelduna. Arrizabalaga gernikarrak Espinarregaz osatuko du bikotea, eta Alday eta Etxaniz izango dituzte aurkari.
Umetxoen finala lehiatuko dute lehenengo; Bengoetxea-Rocha eta Uriarte-Goikoetxea ariko dira zein baino zein gehiago. Ondoren, alebinetan, Urzelai anaiak Lopez eta Argarateren kontra lehiatuko dira, eta infantiletan, berriz, Kareaga-Perez eta Laka-Arroita bikoteen artean erabakiko da txapelduna.
Ondoren, emakumezkoen finala lehiatuko dute eta gizonezkoen lehen mailako afizionatuena izango da azken lehiatuko dutena: Lerena-Garcia eta Salaberria-Cuarain bikoteak ariko dira txapelaren bila borrokan.
Hain zuzen, bi bikote horiek ziren finalaurrekoetako faboritoak eta ez dute hutsik egin. “Kristoren partidua izango da. Bi bikoteak nahikoa erraz nagusitu dira eta espero genuen finala da. Lerena, Salaberria eta Cuarain punta-puntako pilotariak dira. Esaterako, Cuairan oso gaztea da, 17 urte ditu, baina, ikaragarria da; etorkizun itzela daukan pilotaria da”, azaldu dute Gantzabale Elkartearen ordezkariek. Corteseko pilotaria Iruñeako Oberena klubekoa da: “Beharbada Euskal Herrian azken 25 urteotan pilotari onenak eman dituen kluba da. Martinez de Irujok, Ezkurdiak, Olaizola eta antzeko izen handiak bertatik irten dira”.
Aurreko bi domeketan txapelketa “polito joan” dela adierazi dute, eta eguraldia lagun izan dutela. “Adibidez, joan den domekako lehen mailako afizionatuen partiduan, Larrazabal-Elizegi eta Salaberria-Cuarain bikoteen artekoan, Larrazabal ez zen guztiz ondo, eta eskuan min hartuta zegoenez, partidua errazegi joan zen urdinen alde. 22-9 amaitu zuten partidua”.
Pilotaz gozatera hurbiltzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek, eta jakitera eman dutenez, txapelketako sariak banatzeaz gain, ikusleen artean pernila eta ardoa zozkatuko dituzte. “Jendea etortzea espero dugu, eta betiko moduan, babesleei, udalari eta aldundiari eskerrak ematen dizkiogu, hau posible egitearren”.