Parke osasungarrien erabilera bultzatzeko programa jarri du martxan Bermeoko Udalak
20 herritarrek parte hartzen dute egitasmoan.
Bermeoko Udal Kirol Patronatuak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz eta Bermeoko udal zaharren egoitzagaz eta Demiku nagusien elkarteagaz elkarlanean abiarazi du programa.
Udalak jakitera eman duenez, guztira 20 pertsona batzen dituen talde batek parte hartzen du ekimenean. Saioak Talan egiten dituzte; izan ere, bertan daude ariketa fisikoa egiteko beharrezkoak diren tresna eta makinak.
Saioetan parte hartzen duten pertsonek profesional baten laguntza jasotzen dutela azaldu du. Aditua beroketak eta luzapenak zelan egin behar diren erakusten arduratzen da, baita makinen erabileraren azalpenak ematen ere, besteak beste.
Astean behin. Guztira zortzi saio egingo dituztela nabarmendu dute arduradunek, maiatzaren 7an hasi ziren programagaz, eta ekainaren 25era arte iraungo du. Modu horretara, astean behin, martitzenetan, 11:30etatik 12:30etara, bilduko dira parte hartzaileak. Eguraldi txarra egiten duen egunetan, saioak udal zaharren egoitzaren gimnasioan gauzatuko dituzte.
Osasunerako eta bizi kalitaterako dakartzan onurak ardatz hartuta, parke osasungarrien programak herritarrak osasuna sustatzen duten makina horiek erabiltzera animatzea du helburu bezala.