Idiazabal gaztaren ibilbidearen 3. etapa ekainaren 9an egingo dute
Hirugarren eta laugarren etapetarako data aldaketak iragarri dituzte. Sollube 707 Mendi Taldeak antolatutako ibilbidea bost etapak osatzen dute.
Sollube 707 Mendizale taldeak data aldaketak iragarri ditu Idiazabal gaztaren ibilbidean (GR-283).
Bost etapek osatzen dute turismoa, kultura eta kirola uztartzen dituen ibilbidea, eta dagoeneko bi egin dituzte. Hala, ekainaren 9an egingo dute Otzaurre eta Lizarrusti lotzen dituen 17 kilometroko etapa (hasieran ekainaren 8an egitea aurreikusi zuten). Laugarren etapa, ostera, uztailaren 7an izango da, eta parte hartzaileek 20 kilometro egingo dituzte Lizarrusti eta Ordizia artean.
Sollube 707 taldeko Sabin Bilbaok gogora ekarri duenez, historian zein paisaia ederretan murgiltzeko aukera eskaintzen duen esperientzia da aurten antolatu duten ibilbide berri: “Etapa bakoitzean gure historia ezagutzeko eta ehunka paisaia eta esperientziaz gozatzeko aukera dute parte-hartzaileek. Orain arte bi etapa egin dira, eta horietako parte-hartzaileak oso gustura egon dira, paisaia zoragarriekin gozatu dute eta gehienak hurrengo etapa ere egiteko prest agertu dira”. Hain zuzen, apirilaren 7an egin zuten lehen etapa, Legazpin hasi eta Arantzazuraino (12 km) eta, maiatzaren 1ean egindako bigarren etapa, Arantzazu eta Otzaurte artekoa (18 km.) izan zen.
Hala, datozen datetara begira, Sollube 707 mendizale taldeko ordezkariak mendizale guztiak animatu ditu ekimen honetan parte hartzera: “Izan ere, Gipuzkoako ondarea eta historia ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du, aldi berean, paisaia zoragarriekin gozatuz ekimen osasuntsu bat eginez”.
Informazio gehiago gura izanez gero zein ibilbidean parte hartzeko izena emateko Sollube 707 taldeko telefono hauetara deitu behar da: 676 620 195 edo 619 75 31 98.