Eskolarteko txapelketetan dominak biltzen jarraitzen dute Kikunberako eta Axpoandiko igerilariek
Trofeo Sprint Promesas eskolarteko txapelketa lehiatu dute asteburuan, eta esaterako, Kikunbera txapeldunorde geratu da taldekako kategorian.
Bermeoko Kikunbera eta Axpoandi Igeriketa taldeek Trofeo Sprint Promesas eskolarteko txapelketan parte hartu zuten domekan [maiatzak 12] hainbat sarigaz bueltatu ziren herrira.
Kikunberakoak taldekako kategorian txapeldunorde geratu ziren eta 8×50 metro askeetako modalitatean ere podiumean sartu ziren.
Hala, zilarrezko eta brontzeko hainbat domina ere irabazi zituzten igerilariek; Markel Iriarte bigarrena sailkatu zen 50 metro bular-igeriketan eta Iker Egaña 50 metro lepo-igeriketan. Nile Uriondok zilarra lortu zuen 50 metro tximeletan eta brontzea 50 metro bular-igeriketan. Martin Aristik, Eider Barrenetxeak eta Naroa Gervasiok ere podiumetan sartzea lortu zuten, zein bere modalitatean. Aristi 50 metro askeetan sailkatu zen hirugarren, Barrenetxeak 50 metro lepo-igeriketan eskuratu zuen brontzezko domina eta Gervasio 50 metro bular-igeriketa proban sailkatu zen hirugarren postuan.
Era berean, Axpoandi taldeko Lore Ferastrauk urrezko domina jantzi zuen 50 metro tximeletan eta brontzezkoa crol proban.
Bestalde, federatuen mailako Trofeo Sestao txapelketa ere lehiatu zuten Kikunberako eta Axpoandiko igerilariek, zapatuan [maiatzak 11]. Kikunbera taldeko Markel Barrenetxeak, 100 metro tximeleta proban brontzezko domina irabazi zuen eta Axpoandi taldeko Aitor Barandikak 50 metro tximeletakoan jantzi zuen brontzea.
Bi taldeetako kideek egindako “lan bikainagatik” zoriondu ditu Bermeoko Udalak, eta zapatu honetan [maiatzak 18] Getxoko Fadura kiroldegian lehiatuko duten Bizkaiko Txapelketan zorte ona opa diete.