Bermeoko kaleen garbitasunari lehentasuna eman nahi dio EAJk
Edukiontzientzako guneetan apainketa sistemak ezartzeko proiektua aurkeztu dute jeltzaleek.
Bermeoko EAJk, udalerriko garbiketa eta mantentze lanek duten garrantzia nabarmentzeko, horiei “lehentasuna” emango dietela adierazi du. Izan ere, jeltzaleen helburua “herri garbi eta txukuna” eratzea da, “Bermeo bizitzeko udalerri eroso bilakatzeko”.
Horren harira, Portuzarreko sarreran dauden edukiontzientzako guneetan apainketa sistemak ezartzeko proiektua aurkeztu du gaur goizean. Egitasmoagaz Bermeoko edukiontzi gune guztiak edertu gura dituzte, eta horretarako herriko kulturagaz eta nortasunagaz harreman zuzena duten tradizioak, ohiturak eta bestelako elementuak dituzten irudiekin gune horiek estaliko dituzte.
Horren adibide modura, Jose Maria Uzelai Uriarte artista bermeotarrak batzokirako egindako portuaren horma irudiagaz apaindutako estalkiaren infografia aurkeztu dute. Hala, oinezkoen joan-etorri handiena dagoen guneetan edukiontziek dakarren ikus-eragina murriztu gura dute.
“Badakigu biztanleak arduratzen dituen gaia dela”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko EAJren alkategaiak. “Kaleak belztuta daude, hormak kartel zahar eta apurtuekin beteta daude eta horrek herritarrentzat deserosotasuna eta higiene falta dakar“.
Hainbat neurri. Hori dela eta, Bermeon zehar zabaldutako gune berde desberdinek “udalerriko leku grisak apaintzeko eta argitzeko helburua ez dutela betetzen” uste du Abaroak, eta hori konpontzeko neurriak “premiaz hartzeko” beharrizana ikusten du. Apainketa sistemagaz batera, zabor bilketa zerbitzua berrikusiko duela agindu du alkategaiak, baita edukiontziak aldatu eta bosgarren edukiontzi zerbitzua behin betiko ezarriko duela ere.
Kaleen garbiketa integralaren proiektua ere aipatu du Abaroak. Hori martxan jarrita, “bertikalean egindako garbiketei arreta berezia” eskaini nahi diete, baita zoladuraren saneamenduari ere. “Hormetako kartelen, farolen edota trafiko seinaleen aldizkako garbiketa plana” bultzatu nahi dute horrela.
Oinezkoei lehentasuna emateko harlauzaren “ordezko sistema alternatibo modernoagoak” ezarriko dituztela azaldu dute, “erresistentzia handiko eta mantentze lan errazeko” materialekin. Gune berdeak zaintzea izango da jeltzaleen beste helburuetako bat. Mantentze planean Bermeoko gune desberdinetako lorazaintza beharrak sustatzea nabarmendu dute.
“Herria gehiago zaindu behar dugu. Udaletik garbiketa zerbitzuak indartu behar ditugu, baina bermeotarren artean kontzientzia kolektiboa ere bultzatu behar dugu”, esan du alkategaiak. “Bermeo guztion etxea dala konturatu behar gara”.