Duela 82 urte faxismoaren aurka borrokatu zirenak omendu dituzte Mañun
Sollube 1937 elkarteak Sollubeko gudan hildako gudariak omendu zituen domekan.
Sollube 1937 elkarteak errepublikarrek Sollube berreskuratzeko azken ofentsiba egin zuten 82. urteurrena gogora ekarri zuten domekan. Hala, Bermeoko Mañu auzoan batu ziren bataila hartan hildako gudariak eta faxismoaren aurka bizitza eman zutenak omentzeko.
1937an hil ziren 300 gudarien artetik hainbat izen oroitu zituzten: Luciano Arenaza, Jose Mari Aurtenetxea, Pablo Bengoetxea, Eulogio Zulueta, Bittor Mallabiabarrena, Luis Garteiz, Diego Larrabaster, Carmelo Gondra eta Aniceto Gerekiz izan ziren, besteak beste, ekitaldian gogoratu zituztenak.
Bertan adierazi zutenez, faxismoa “ez da 30. eta 40. hamarkadetako mamua, gaur egun dagoen meatxu erreala baizik”. Horren erakusgai, “Ukrainian eta Donbassen, Europan eta Amerikan ultra eskumaren gorakada ikusi besterik egin behar ez dela” esan zuten.
Hala, memoriaren aldeko aldarria egin zuten, “memoria gabeko herria galduta dagoelako”, eta horretarako etorkizuneko belaunaldiei “gertatukoaren transmisioa egitea” ezinbestekoa dela adierazi zuten elkartekoek. Berriro halako ezbeharrik ez errepikatzeko “egia, justizia eta erreparazioa” eskatu zuten.