Bermeoko kale eta auzoei garrantzia emateko udala kalera ateratzea beharrezkoa ikusten du Guzanek
Azken lau urteetan lortu duten esperientziagaz Bermeoko etorkizuna eraikitzeko asmoagaz dator taldea. Domekan Portuzarrean batu ziren udal hauteskundeetako zerrenda eta programa aurkezteko.
Guzan Bermeoko Mugimenduko zerrendakideak Portuzarrean batu ziren domekan udal hauteskundeetako hautagaiak herritarrei aurkeztu eta eratu duten programa ezagutzera emateko.
Bigarrenez aurkezten da mugimendua Bermeoko udal hauteskundeetara, eta “gauzak egiteko beste modu bat dagoela” aldarrikatuz, “udala kalera atera” eta herriko “kale eta auzoei garrantzia ematea” beharrezkotzat ikusten dute, “alkarregaz” herritarrak lan eta bizitzeko Bermeo bat eratzeko.
Modu horretara, azken lau urteetan ikasitakoagaz lortu duten esperientziagaz Bermeoko etorkizuna “gaurtik hasita” eraldatzeko asmoa dute. Bermeo “kalez kale biziberritzeko” plana eratu du taldeak. Horrekin, “azken hamarkadetako hirigintza politikak” Alde Zaharrean izan duen “eragin negatiboari buelta eman” nahi diote.
Kultura baserri eta auzoetara eramateko lan egingo dutela ere aldarrikatu dute. Kultur ekintzak herrigunean bakarrik egin beharrean, Bermeo inguratzen duten auzoetan ere egin nahi dituzte. Ekimen horiek bultzatzeko “Bermeoko mapa kulturala” sortuko dutela adierazi dute, “aktibitate kulturalak egiten dituzten eragileen lana lagunduz eta sarituz”.
Itsasoa eta merkataritza. Ekonomiari dagokionez, Bermeoko merkataritzari “prestigioa” emateko kanpaina abiaraziko dutela agindu dute, herriko saltokietan kontsumitzeko bonoak indartzeagaz batera. Guzanekoen ustez, herriko produktu eta ostalariak dira Bermeoko “zapore eta identitate kresaltsuaren enbaxadore onenak”.
Bermeok itsasoagaz duen lotura indartu nahi dute, eta horretarako itsasoagaz lotutako proiektuak herrira erakartzeko lan egingo dute. Gainera, herritarren laguntzagaz portua bultzatzeko asmoa du mugimenduak. Portuak duen “potentzialtasun guztia” aprobetxatu nahi dute, eta horretarako ezinbestekotzat ikusten dute “administrazioen arteko koordinazioa bermatzea”.
Herriak “lurralde garraio hobeak merezi” dituela uste dute Guzanekoek, bermeotarrak “Bizkaia eta mundura konektatuta bizi gura dutelako”. Horregatik, erakundeen aurrean Sollubeko tunelak eraikitzea defendatu eta autobusak ordu erdiro jartzea eskatuko dutela aldarrikatu dute.
Adierazi dutenez, taldea “herritarrei entzun” eta beraiekin batera Bermeorako plan estrategikoa adosteko asmoagaz datoz, “ezin dugulako jarraituko inork goitik dioena onartzen”.
Zerrenda:
- Xabier Ortuzan Butron
- Miren Karmele Gabantxo Uriagereka
- Maite Alonso Altonaga
- Xabier Ojinaga Juarez
- Ainhoa Urkidi Bilbao
- Iker Bilbao San Nicolas
- Sara Merino Dominguez
- Xabier Batis Gutierrez
- Sergio Monasterio Asteinza
- Miren Gurutze Ugalda Asla
- Ibon Enbeita Basterretxea
- Maite Fatima Elortegi Gotxi
- Bingen Fernandez Bustinza
- Jon Ander Urresti Ugalde
- Leire Zapiain Egaña
- Xabier Uribarri Ortuzar
- Irati Ortube Zulueta
Ordezkoak:
- Yaiza Goikoetxea Luno
- Maria Florentina Ungureamu
- Daniel Yuste Gutierrez