Roberto Aguado psikologoak hitzaldia eskainiko du bihar Bermeon
Nestor Basterretxea aretoan egingo dute Bermeoko Udalak antolatutako ekimena. Sarrera doakoa izango dela iragarri dute.
Liderazgo intrapersonal. Capacidad de vivir en grupo sin que se disuelva tu esencia izeneko hitzaldia eskainiko du psikologoak. Nestor Basterretxea aretoan jarri dute hitzordua, 18:00etan.
Roberto Aguado psikologia klinikoan, psikoterapian eta hipnosi klinikoan aditua da, besteak beste. Irakasle modura lan egiteagaz batera, psikologiari eta ikerketa neurologikoan oinarritutako adimen emozionalaren lehenengo eredua eta bakarra den V.E.C. adimenari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Gainera, Aguado Bermeoko Udalagaz elkarlanean aritu da azken bi urteetan. Izan ere, udalak “kudeaketaren beste eredu baten aldeko apustua” egin du, eta psikologoak udal langileekin batera emozioen kudeaketa lantzen jardun du.
Hitzaldia udalak antolatu du, eta sarrera doakoa izango da. Hitzaldi “benetan oso interesgarria” izango dela adierazi du udalak, eta herritar guztiak gonbidatu ditu hurreratzera, “esperientzia aberasgarria izango delako”.