Ibon San Migel eta Garazi Sampedro nagusi, Mendi Jaian
Ibon San Migelek eta Garazi Sampedrok irabazi dute Urdaibai Koparen bigarren mendi lasterketa. 750 euro bildu dituzte Endika Salegiri laguntzeko.
Gernika-Lumoko Mendi Jaiaren barruan lehiatu zuten Urdaibai Koparen bigarren mendi lasterketa, atzo, eta Ibon San Migel Olabarriaga izan zen denetan azkarrena. Ordubete, 25 minutu eta 22 segundotan amaitu zuen 17,5 kilometroko lasterketa. Mikel Monasterio Asteinza heldu zen atzetik, bi minutu eta 24 segundora, eta Aritz Martin Olabarriagak osatu zuen podiuma, irabazlearengandik lau minutu eta bi segundora amaituta.
Ordubete, 55 minutu eta 30 segundotan burutu zuen proba Garazi Sampedro Arando lehenengo emakumezkoak. Harengandik bi minutu eta 41 segundora sailkatu zen Mireia Trigueros Garrote bigarrena. Itsaso Ballaz Quincoces izan zen hirugarrena (2:03:07).
Behin behineko sailkapen orokorrean, Aritz Martinek eta Sampedrok dituzte puntu gehien. Gizonezkoen sailkapenari dagokionez, Martinek 93 puntu ditu, Ibon Bilbao Arrien bigarrenak 88 puntu ditu, eta Unai Intxaurraga Pujana hirugarrenak 87 puntu. Emakumezkoetan, 98 puntu ditu Sampedrok; Elixabete Gonzalez Regil bigarrenak 93 puntu ditu eta Lorea Ojanguren Andollo hirugarrenak 90 puntu.
Arrakastatsua. Zazpigarrenez egin dute Mendi Jaia Gernika-Lumon, eta beste urte batez jendetsua izan da. Lasterketan, zein BTTan eta mendi martxa bietan parte hartze handia eduki dute. Gainera, izen emate bakoitzetik euro bat Endika Salegi gernikarraren aldeko Elkarrekin edozer lortu geinke egitasmora bideratu dute, eta 750 euro batu dituzte.
134 bat korrikalarik parte hartu zuten mendi lasterketan, eta 102 txirrindularik BTTan. Martxa luzea 253 pertsonak egin zuten, eta laburra, berriz, 261 pertsonak.
Azken urteotan grafiti bategaz koloreztatu dute Mendi Jaia, eta oraingo honetan ekimen solidarioari buruzkoa egin dute. Hala, Mauri eta Kezon grafiteroek egindako lana atzo arratsaldetik Astran dago ikusgai.