Gernikak amesten jarraitzeko garaipen garrantzitsua lortu du Urbietan
Ligaren etxeko azken partiduan 1-0 nagusitu zaio Durangoko taldeari. Arriskuan dauden beste taldeen emaitzek baldintzatuko badiote ere, zuzenean mailaz ez jaisteko, azken jardunaldian irabazi beharra dauka.
2. B mailan jarraitzea da SD Gernika taldearen erronka. Ezinezkorik ez dagoelako, euren ametsa lortzeko bidean, garaipen garrantzitsua lortu zuten jokalariek atzo. Ligako etxeko azken jardunaldia jokatu zuten SCD Durangoren kontra, eta Gorka Larruzearen golari (24.min) esker, 1-0 nagusitu zen talde gernikarra.
Domeka honetan Barakaldoren kontra lehiatuko du azken jardunaldia, Lasesarren, eta garaipena behar-beharrezkoa daukate. Halaber, beheko postuetan dauden beste taldeen emaitzek eragingo dute zuzeneko jaitsiera saihestu ahal izatea. Hain zuzen, puntu batera dauka Real Union eta bira Getxoko Arenas eta Izarra. 2. B mailako 2. multzoko sailkapenean, hamazazpigarren dago SD Gernika, 39 puntugaz. Aurretik, 41 puntu ditu Real Unionek eta 42gaz daude Getxoko Arenas eta Izarra. Beheragoko taldeei dagokionez, Gernikaren atzetik CD Vitoria dago, 34 puntugaz; 32 puntu ditu Gimnastica azken aurrekoak, eta 30 puntu SCD Durango azkenak.
Zuzenean ez jaisteko, eta playout-a lehiatzeko talde gernikarrak irabazi egin behar du eta Irungo taldeak galdu Tudelanoren kontra. Bestela, azken partidua irabazi eta Real Unionek berdinduz gero eta Izarrak (Real Sociedad Bren kontra) eta Arenasek (Mirandesen kontra) galtzen badute ere ez da zuzenean jaitsiko.