"Udalaren gobernatzeko eredua" aldatzeko apustua egin du Gernika-Lumoko EH Bilduk
"Herri eskuzabal, langile eta parte hartzaile" baten alde egiteko prest azaldu da Jose Ramon Bilbao buru bezala duen taldea.
Bezeroengan oinarritutako gobernatzeko eredua amaitzeko prest azaldu da Gernika-Lumoko EH Bildu. “Nire lagunak eta nire lagunak ez diren arteko herriaren banaketa, eta horren araberako gobernantza eredua” desagertu egin behar dela aldarrikatu zuen Jose Ramon Bilbao Buli Gernika-Lumoko EH Bilduren alkategaiak atzo arratsaldean merkurio ondoan egin zuten kanpaina hasierako ekitaldian.
Talde anitza osatu du koalizioak Gernika-Lumon. “Eremu desberdinetako jendea gugaz batera herriaren alde egiteko prest dagoela ikustea da proiektuak eduki ahal duen bermerik handiena, indarrik handiena, udaletxera aldaketa eramateko”, adierazi zuen alkategaiak.
“Herri eskuzabal, langile eta parte hartzaile” baten alde egingo dutela adierazi zuten bertan, eta horretarako Gernika-Lumora aldaketa ekartzea beharrezkoa dela esan zuen Bilbaok. Helburu hori lortzeko udalerriko bizilagunekin berba egin eta, proiektu berriak sortu eta prestatzerakoan, horiek guztiekin partekatuko dituztela azaldu zuen.
Ekarpenak jaso eta plazaratu. Horretarako, koalizioaren ekintza politikorako oinarri izango duten liburu zuria aurkeztu zuen. Izan ere, herritarren eta elkarteen artean “galdetegiak egin” eta beraiekin batu ondoren, herriko agente desberbinen “ekarpenak jaso” eta udaletxean dagoen “klima despotikoa berriztatzeko” zenbait ideia nagusi nabarmendu ditu EH Bilduk: informazioa, objetibotasuna, elkarlana eta berdintasuna.

Jose Ramon Bilbao Gernika-Lumoko EH Bilduko alkategaia, atzoko ekitaldian.
“Informazioa partekatzearen” garrantzia azpimarratu zuen Bilbaok. Bakoitzak “zer egiten duen”, eta “gauzak zertarako diren eta zertarako eskatzen diren” argi egotea. Berdintasunaren alde ere egingo dutela adierazi zuen, “elkarte handiek zein txikiek eta norbanako garrantzitsuek zein ez hain garrantzitsuek udalaren aldetik tratu berbera jaso” behar dutela esanez, eta hori “elkarlanean” egin behar dutela aldarrikatu zuen.
Azkenik, objetibotasuna nabarmendu zuen: “erabakiak era objetiboan hartu behar dira. Denak berdinak izan behar gara etxe horren aurrean. Hori da guk eskaintzen dugun aldaketa”.
Lau urterik behin EAJk egin dituen promesak salatu zituen alkategaiak: pasealekuko liburutegia edota Astra ondoko heziketa profesionaleko zentroa “lau urterik behin errepikatzen duten promesa” dela adierazi zuen. Suspertze ekonomikoari buruz ere beste hainbeste esan zuen: “orain dela lau urte inongo planik gabe suspertze ekonomikorako plana agindu zuen EAJk. Elkartegia han dago, baina suspertze ekonomikoa ez da etorri”.
Ideia nagusiekin batera hainbat proposamen zehaztu dituzte koalizioek. Esaterako, merkataritza babestu eta herriko kontsumoa indartzea, kaleak guztientzako egitea edota herriko kultur elkarteei laguntza eskaintzea, Gernika-Lumo “kultur aberastasunaren bidelagun” bilakatzeko.
Arrakalak zarratu. Hala, udaletxean “dagoeneko instituzioa eta pertsona nahastu egiten dituztenak” daudela kexatu zen Bilbao. “Hortik dator despotismoa, inpunitatea, eta hortik dator gobernatzen duten eran gobernatzea. Hortik datoz askotan salatu ditugun entxufismoak, horregaitik, pertsona horiek aldatzeko momentua heldu da”.
Horretarako “pertsonak eta moduak aldatu” egingo dituztela agindu zuen, “udalaren eta herritarren arteko harremanak aldatzeko”. Gaur egun horien artean “arrakala bat” dagoela uste du Bilbaok, eta hori zarratzeko nahia agertu zuen, “herria eta udala parean jartzeko, ez bata bestearen gainean”. Bukatzeko, herri proiektu baten beharrizana adierazi zuen, “herritar guztiek batera idatzi eta partekatuko duten proiektua, harreman ereduak aldatzeko balioko duena”.