Gernikak denboraldiko etxeko azken partidua jokatuko du domekan
Mailaz ez jaisteko borrokan dago talde gernikarra. Zaleen babesaren beharrizanaz jakitun, Urbietara joateko gonbidapena luzatu dute jokalariek
2.B mailan bi jardunaldi gelditzen zaizkie denboraldia amaitzeko, eta mailaz ez jaisteko borrokan ari da SD Gernika Club. Hala, denboraldiko etxeko azken partidua jokatuko du SCD Durangoren kontra domekan, 18:00etan. Hain zuzen ere, talde durangarra da sailkapeneko azken taldea, eta hortaz, puntu beharrean dauden bi talderen arteko lehia izango dute Urbietan.
Aurreko domekan, Racing bigarren multzoko liderraren kontra lortutako garaipenak (0-1) amets egiten jarraitzeko esperantza eman zien, eta euren helburua lortzeko garaipena behar-beharrezkoa daukate. Gainera, El Sardineron etxeko taldea mendean hartu duen talde bakarra da gernikarra.
Gaur gaurkoz, 2.B mailaren bigarren multzoko hamazazpigarrena da, 36 puntugaz. Aurretik, 41na puntu dituzte Real Unionek eta Getxoko Arenasek, eta 42 ditu Izarrak. Atzetik, 31na puntu dituzte CD Vitoriak eta Gimnasticak, eta SCD Durangok 30 puntu ditu.
Zaleen babesa behar-beharrezkoa dela argi dauka klubak, eta domekan Urbietara hurreratzeko gonbidapena eginez, jokalariak bertsotan ageri diren bideo bat zabaldu dute sare sozialetan.