Bizkaiko Trainerilen Ligako azken bi jardunaldiak, Lekeition
Datorren asteburuan Ondarroan lehiatuko dute Bizkaiko Txapelketa.
Bizkaiko Trainerilen Ligako 5. eta 6. jardunaldiak lehiatuko dituzte bihar eta etzi, Lekeitioko uretan.
Ligaren azken txanpan Busturialdeko taldeek ez dute hutsik egin nahi. Izan ere, hurrengo asteburuan Bizkaiko Txapelketa erabakiko da Ondarroan.
Hala, bertoko taldeen artean, Bermeotik lau talde ariko dira azken bi jardunaldiotan; mutilen nagusien mailan hiru trainerillak parte hartuko dute, eta mutilen gazte mailako taldea ere lehiatuko da. Mundakarrak absolutu mailan ariko dira, eta mutilen bi talde eta nesken bakarra izango dute. Elantxobek, ostera, talde bakarra izango du mutilen absolutu mailan.
Bihar 16:00etan hasiko dute 5. jardunaldia, eta domekan, berriz, 11:00etan hasiko dira arraunean.
Ohi legez, gazte mailakoekin hasiko dute lehia, eta bihar arratsaldean bermeotarrak izango dira irtetzen lehenak. Nesken estropada hirugarren izango da, eta mundakarrak izango dira lehenengoak. Mutilen nagusien lehiari dagokionez, Elantxobe eta Mundaka B elkarregaz ariko dira; Bermeo B eta Mundaka A azken aurrekoan ariko dira, eta azken estropadan Bermeo C eta Bermeo A.
Sailkapena. Hala, ligako azken txanpan behin-behineko sailkapena argitara eman du Bizkaiko Arraun Federazioak. Absolutu mailan, mutiletan, Bermeo A sailkapeneko bigarrena da 67 puntugaz, eta Ondarru lehenak 70 puntu ditu. Laugarren dago Bermeo C, 56 puntugaz eta seigarren Bermeo B, 51 puntugaz. Mundaka A hamargarrenak 39 puntu ditu, hamalaugarren dago Elantxobe, 17 puntugaz, eta Mundaka B hamaseigarren 14 puntugaz.
Gazte mailakoan, berriz, laugarren daude bermeotarrak 35 puntugaz. Arkote dago sailkapen buru 44 puntugaz, eta Deustu A (43 puntu) eta Itsasoko Ama (36 puntu) bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Neskei dagokienez, Deustu Ak ditu puntu gehien: 46 puntu. Ondarru Ak 32 puntu dauzka eta Deustu Bk 20 puntu.