Bermeoko umeak etxetik eskolara modu seguruan joateko Eskola Bidea martxan jarri dute
Herriko ikastetxeek, Bermeoko Kirol Patronatuak eta Bermeoko Udalak elkarlanean landu dute ekimena.
Inguru berean bizi diren umeak elkartu eta elkarrekin ikastetxeetara modu seguru, iraunkor eta osasuntsuan joateko Eskola Bidea sortu dute Bermeon. Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordearen berbetan, ekimenagaz Bermeo herri biziagoa izaten lagundu gura dute, bizitza aktiboagoa bultzatzeagaz batera.
Eskola Bidea Eleizalde ikastolak, San Frantzisko Herri eskolak, Sagrado Corazon ikastetxeak, haurreskolak eta Bermeoko Institutuak Bermeoko Udalagaz eta udal kirol patronatuagaz elkarlanean landu duten iniziatiba bat da.
Hamar topagune. Horrela, ekimenean parte hartuko duten ikasleak Bermeotik banatu dituzten hamar topaguneetako baten batuko dira. Horiek Erreten, Bizkaiko Jaurerria 1ean, Arresi-Nekazarin, San Juan Portalen, Anasagasti Tar Teodoro 5ean, Futbol zelai aurrean, Bizkai Buru 14ean, Bizkaiko Jaurerria 20an, Bizkaiko Jaurerria 41ean eta Zubiaur Tar Kepa 46an kokatuta daude.
Topaguneen helburua inguru berdineko haurrak batzea da. Gainera, bakoitzak ekimenaren inguruko eta ikastetxe ezberdinetara eta kiroldegira oinez joateko iraupenari buruzko informazioa edukiko du.
Izan ere, proiektuaren sustatzaileen arabera garrantzitsua da Eskola Bidea zelan egin behar den jakitea. “Ezinbestekoa da taldean joatea, losatik eta seinaleei adi egotea. Era berean, zebrabideetan arreta handia ipini behar da eskolara heldu arte”. Ekimenak haurren arteko harremana indartzeko balioko duela azpimarratu dute.
“Bermeo oinez ibiltzeko herria izan behar da”, nabarmendu du Gaizka Aurrekoetxea Ingurumen teknikariak. Ekimena bultzatzeko, udalak hirigune barneko abiadura mugak 30 kilometro ordura murriztu ditu. Gainera, Eskola Bidea igarotzen den zebrabideak seinaleztatuta egongo dira.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Eleizalde ikastolak proiektua aurrera eramateko diru laguntza jaso ostean, ekimena beste ikastetxeetara zabaltzeko proposamena aurkeztu zuen udalean.
Hiru fase. Hori onartu ondoren, proiektua hiru fasetan haziz joan dela azaldu du Aurrekoetxeak. Lehenengo fasean, udaleko teknikariek ibilbidearen proposamena landu zuten hainbat irizpide ardatz modura hartuta; esate baterako segurtasuna, bide laburrena, Bermibuseko geltokietatik hurbil egotea euria egiten badu haurrek garraio publikoa erabil dezaten, eta bi ikastetxe hurbil egonez gero, bientzat erabilgarria izatea.
Proposamen hori prestatuta, ikastetxeei aurkeztu zietela dio Ingurumen teknikariak, “beraien ekarpenak jasotzeko”. Modu horretara, hamar topaguneak ardatz bezala hartzen duen ibilbidea “denen artean” disenatu dutela azpimarratu du.
Bigarren fasea seinaleztapena izan dela azaldu du. Hiru motatako seinaleak erabili dituzte ibilbidea nondik igarotzen den argi geratu dadin: topaguneetan bertan, bideak gurutatzen dituen zebrabideetan eta azkenik seinale bertikalak, kale argietan.
Bukatzeko, ekimena herritarren artean ezagutzera emateko prestatu duten komunikazio kanpaina zabala nabarmendu du teknikariak.
Kanpaina bikoitza izango da: alde batetik, udalak bermeotarren artean ibilbidearen planoa azaltzen den eskuorriak banatuko ditu, kaleetatik kartelak jarri eta webgunean informazioa eskainiko du. Gainera, ekimena zertan datzan azaltzen duen bideoa sortu dute.
Bestalde, ikastetxeak proiektuaren zabalkuntza egiten ari dira ikasleen artean. Sustatzaileen arabera, haurrak Eskola Bidean parte hartzeko kontzientziatzea lortuz gero, horiek familien artean iniziatiba zabaltzea lortuko dute.
Adierazi dutenez, ikasturtea amaitzear dagoenez, zabalkuntza kanpaina datorren kurtso hasieran berriz hasteko asmoa dute.
Ibarrolazak ikasle eta guraso guztiei ‘Eskola Bidea’ ekimenean parte hartzera animatu die, “etxetik eskolara edota kiroldegira modu dibertigarri, seguru eta osasuntsuan joan eta etortzeko”.