Ixone Aiestaranentzat izan da martxoko Ezetz Jakin lehiaketa
58 pertsonek parte hartu zuten martxoko lehiaketan eta 38 lagunek erantzun zituzten galdera guztiak zuzen. Maiatzeko galdetegia prest dute dagoenerako, eta hilaren 31a izango da parte hartzeko azken eguna.
Gaur eman du Berbalagunek Ezetz Jakin lehiaketako martxoko saria Kultur Etxean. Guztira, martxoan, 58 pertsonek parte hartu zuten euskara bultzatzeko lehiaketan, eta 38 lagunek erantzun zituzten galdera guztiak zuzen. Horien artean, Ixone Aiestaran bermeotarrak eraman du saria Ipar Tabernien eskutik.
Aste Santuko oporrak direla eta, ez da lehiaketarik egon apirilean, baina dagoeneko prest dago maiatzekoa. Hilabete honetako galdetegian, esaera zaharrek izango dute protagonismoa. Hala, udalerrian eta inguruan sarri entzuten diren atsotitzak osatu beharko dituzte parte hartzaileek.
Erantzunak jasotzeko azken eguna maiatzaren 31 izango da, eta Zimela jatetxean bi lagunentzako jatordua zozketatuko da oraingoan.