Galdakaora joan da Korrikaren aldeko oheko tapakia
Berbalagunek Korrika laguntzeko egiten duen oheko tapakia irabazi du Galdakaoko Yolanda Gordok. Gaur eguerdian batu du saria Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Korrikaren aldeko oheko tapakiaren zozketa egin dute gaur eguerdian, eta Galdakaoko Yolanda Gordok hartu du Berbalagunkideek urtarriletik martxora bitartean josi zuten oihala.
Korrikaren alde josi zuten tapakia, eta zozketa txartelak salduz batutako dirua AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko ekimen horri laguntzeko izan da. 1.651 izan da, hain zuzen, Gordok izan duen zenbaki saritua.
Berbalagunek Korrika laguntzeko egiten duen ahalegina da tapakia, eta aurten, hirugarrenez bultzatu dute ekimena. 30 lagunen artean landu dute 2×1,30 metroko tamaina daukan aipatu tapakia, patchwork teknika erabiliz.