Ikasketa areto berria zabaldu du Mundakako Udalak
Liburutegi azpian dagoen guneak hainbat motatako jarduerak batzeko balioko du.
“Mundakarren beharrizanetara egokitutako gune publikoak eskaintzearen alde eginez”, Mundakako Udalak ikasketa areto berria sortu du. “Batez ere gazteen azterketa sasoirako pentsatutako gunea” Udal Liburutegi behean kokatutako gela batean egin dute.
Ikasketa aretoagaz “herritarren eskaera bati erantzuna eman” dio udalak. Horrela, aretoan lau mahai mugikor daude erabilgarri herritarrentzako. Gainera, kontsultarako liburuen liburutegi zabala eskaintzen da bertan. “Ondo argiztatutako gunea da, garbia”, nabarmendu du udalak, baita “ikasteko erosoak diren altzariak” dituela ere.
“Gure herritarren eskaera bati erantzuna emateko proiektua errealitate bilakatu dugu. Mundaka hazten doa eta herrian zerbitzuak bermatzeko formulak bilatzen ditugu”, adierazi du Aitor Egurrola Mundakako alkateak. “Horregatik, lanean hasi gara eta ikasketa areto berria atondu dugu. Gainera, eraikinaren erabilpenaren koherentzia zainduz eta sinergiak sortzearen alde eginez, Udal Liburutegiko eraikinean ezarri dugu, zerbitzu kulturalak bertan batzeko“.
Erabilpen anitza. Izan ere, areto berriari erabilpena ematerako orduan “malgutasuna” ardatz izango dela ziurtatu du udalak. Gela gazteek ikasteko erabiltzera zuzenduta egongo bada ere, “erabilpen anitzekoa” izango da. Horrela, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak edota ipuin kontalarien saioak eskainiko dituzte bertan, beste hainbat jardueren artean.
Mota horretako ekintza kulturalak “herriko publikoarentzat eta baita Mundakatik kanpoko publikoarentzat interesgarriak eta erakargarriak” direla uste du udalak. Horren harira, “herriko garapen estrategiaren barne bizitza sozio kulturala sustatzea ezinbesteko helburua” dela adierazi dute udaletik.
“Herrian azpiegiturak gehitzeko” asmoz udalak “kudeaketa eta inbertsio esfortzu handia” egiten duela azpimarratu du, modu horretara “herriko ekitaldi kulturalen ekimenak errazteko”.