Ibarrangeluko VI. artisau azoka egingo dute zapatuan
11:00etatik aurrera, eskaintza zabala edukiko dute Elexalde auzora hurbiltzen direnek. Besteak beste, artisau lanen erakustaldiak egingo dituzte.
Ibarrangelun eta inguruan ekoizten diren produktuak ezagutzera emateko eta salmenta bultzatzeko helburuagaz bi urterik behin egiten dute azoka Elexalde auzoan.
Zapatuan, baserritarren eta artisauen 31 postu egongo dira herrigunean. Hain zuzen, udaletxearen ondoko enparantzan, aparkalekuan eta parkean jarriko dituzte eztiakaz, atunagaz, txakolinaz, gaztaz, pateaz, ogiaz, sendagai naturalakaz, bitxiekaz, eskuz egindako arropakaz, loreakaz, baratzeko produktu freskoez eta abarrez betetako salmahaiak.
Beste behin, askotariko azoka izango da. Izan ere, produktuetako aniztasunaz gain, zaldietan paseotxoak egin ahalko dituzte umeek eta gaztetxoek, artisauen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera ere egongo da, uso mezularien erakustaldia ere egingo dute, eta argazkien, moto klasikoen eta motocrosen erakusketak jarriko dituzte azoka gunean. “Besteak beste, egurra, zeramika, eta artilea zelan lantzen dituzten erakutsiko dute, bai eta ehoziri-lanak ere. Bestalde, argazki erakusketari dagokionez, 1920. urtearen aurretik jaiotako emakumeei buruzkoa da”.
11:00etan zabalduko dute azoka, eta txosnetan ere jan-edana ziurtatuta edukiko dute azokara hurreratzen direnek. Indabak, tripakiak edo txorizodun taloak dastatu ahalko dituzte. Gainera, musikagaz girotuko dute azoka gunea, eguerdian zein arratsaldean. 12:00etatik aurrera, Joseba eta Koldo trikitilarien doinuek hartuko dute Elexalde eta arratsaldean, berriz, Ilargi Beltza taldearen txanda izango da.
Beste urteetan modura, oraingoan ere baserritarrez jantzita hurbiltzeko deia zabaldu dute. “Aukera paregabea izango dute herritarrek eta bisitariek produktu naturalak lortzeko eta dastatzeko. Zapaturako plan ikaragarria da. Gogoratu hurrengo egunean amaren eguna dela eta azken orduko eskuz egindako oparitxoren bat erosteko aukera emango digu azoka honek”.
EGITARAUA:
- 11:00 Azokaren irekiera.
- 12:00. Joseba eta Koldo trikitilariak, herria girotuz.
- 14:00. Txosnetan janaria: Indabak, tripakiak, talo txorizoarekin…
- 16:30. Ekitaldi berezia.
- 18:00. Ilargi Beltza taldearen kontzertua.