Foruko Udalak Baldatikako eta Atxondoa-Gilis inguruko argiteria hobetzeko lanak egingo ditu
Bi auzoetan egingo dituzten lanak udaberrian bukatzea aurreikusi dute.
Ikuspena bermatzeko asmoagaz, Foruko Udalak Baldatika eta Atxondoa-Gilis auzoetako kale argiak hobetzeko lanak hasiko ditu. Lanak Argibide enpresari adjudikatu dizkiote, 43.241,50 euro eta 15.068,51 eurotako aurrekontuekin, hurrenez hurren.
Obrak udaberrian bukatzea aurreikusi du udalak, eta Herriko Landa Inguruen Argitasuna Barritzeko Planaren barnean kokatuta egongo direla nabarmendu du.
Zehazki, Baldatikan landa gunearen argiztatzeko sistema berriztatzeko lanak egingo dituzte, horren “egoera txarra konpontzeko”. Horrela, kable sarea egokitu eta aldatu egingo dute. Aldi berean, 11 farola berriztatuko dituztela nabarmendu du udalak.
Atxondoa-Gilisen, bestalde, kale argiak gehituko dituztela jakinarazi dute. Guztira sei farola ezarriko dituzte, argi puntu gehiago izateko. Izan ere, oraintsu hamabost kale argi berri ezarteko lanak bukatu dituzte. Hala ere, lanen ostean inguru horretan gune ilunak daudela ohartu da udala, gauean “oinezkoen segurtasuna kolokan jarriz”.
Aurrezpen energetikoa. “Gure auzoetako kale argiak hobetzeko lanei esker, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan irabaziko dugu, baita segurtasunean eta ikuspenean ere. Lan hauek Herriko Landa Inguruen Argitasuna Barritzeko Planaren barne daude. Asmo handiko proiektua da hau baina beharrezkoa herrian bizi kalitatea irabazteko”, azaldu du Foruko alkateak, Jane Eyre Urkietak.
Aipatutako planaren helburua “herrian eraginkortasun energetikoa lortzea” da, baita “igortzen den CO2-a eta argi kutsadura murriztea” ere. Modu horretara, “herritarrentzako zerbitzuak bermatu zein segurtasuna eta bizi kalitatearen alde egin” nahi du udalak.