Bizitzaren aldeko aldarria egin dute Maiatzaren Lehenean
Indarrak batu eta borrokan jarraitzeko deia egin dute sindikatuek Bilbon, Iruñean eta Baionan. Langile klasea aldarrikatu dute: "Guk egiten dugu mundua".
Maiatzaren Lehenak kalera atera du langileen borroka. Milaka herritarrek bat egin dute mobilizazioekin, ELAren deiari erantzunda Bilbon, LABen deiari erantzunda Iruñean eta LAB eta CGTren deiagaz bat eginda Baionan.
Bizitza da lehena lelopean, Bilboko Jesusen Bihotzean batu dira langileak 11:45ean hiriburutik mobilizazioa gauzatzeko asmoz, eta bertan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hartu du hitza. Bizitza eta bera duintasunez bizitzeko aukera ematen duten eskubide laboral eta sozialak beti etekin ekonomikoaren gainetik kokatu behar direla aldarrikatu du.
Lan eskubideekin batera, Lakuntzak “bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lan guztien aitortza” eskatu eta enplegu formaletik haratago ikustezinak egiten diren eta emakumeek egiten dituzten zaintza lan guztiak “erdigunean kokatzea” beharrezkoa dela adierazi du.
Hori guztiori lortzeko, langileen antolakuntzaren eta sindikatuen garrantzia goraipatu du idazkari nagusiak. “Antolatu egiten gara, eta komuna dena defenditzen dugu, gure bizitzak jokoan daudelako eta badakigulako mobilizazioak, parte hartze sozialak eta grebak emango digula bizimodu hobea izateko aukera. Guk sinesten dugu indar kolektiboan. Botere ekonomiko eta politikoek nahi dute jendea bakarka egotea. Ez dute nahi beraien eta jendearen artean bitarteko indar kolektiborik”.
Izan ere, bere ustez, lan mundua “inboluzioa” pairatzen ari da, baina esparru horretara mugatu barik “inboluzio sozial eta demokratikoa” ere bizi dela dio. Atzerapauso horiei aurre egiteko, “kaleak hartzea” eta “jendarte hobea eraikitzeko asmoa duten mugimenduetan parte hartzea”, defendatu du. “Borroka sindikalean eta mobilizazio horietan parte hartzea jendarte honetako gunerik hoberenetan parte hartzea da”.
Baldintza hobeen alde. Gogoratu duenez, aurten zortzi orduko lanaldia ezarri zuen dekretua sortu zenetik 100 urte bete dira. 1919an Bartzelonako La Canadiense konpainia elektrikoko langileek egin zuten 44 eguneko greba nabarmendu nahi izan du, eta borroka horren ondorio zuzena izan zela eskubide hobeak lortu ahal izatea.
Maiatzaren Lehena “berrindartze eta elkartasun egun” bezala izendatu du idazkariak. “La Canadienseko greba hartatik mendea bete denean, bizitza eta langile klasearen existentzia aldarrikatzen dugu. Guk egiten dugu mundua”.
Prekarietateari aurre. LABek Iruñean egin du manifestazio nagusia, eta bertan bildu dira Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdetik autobusez joan diren ehunka herritar.
Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak bi erronka nagusi dituztela azaldu du: “Batetik, lan zentroetan borrokak eta grebak aktibatzen jarraitzea, eta, bestetik, langileei orokorragoak izango diren erantzun markoak ahalbidetzea”. Hala, indarrak batzeko deia luzatu du, borroka sektorialei bultzada emateko.
Langileek jasaten dituzten gaitzak “prekarietate izugarria, desegonkortasuna eta soldata baxuak” direla salatu du: “Soldatapeko langileen laurdenak aldi baterako kontratua dauka, ia %40ak emakumeen kasuan, eta gazteen artean dagoen langabezia tasa Europakoaren bikoitza da, %30 bueltakoa”. Hego Euskal Herrian pobrezia arriskuan 490.000 pertsona daudela nabarmendu du.
Gizartean bizi den prekarietateak eta esplotazioak langileen “osasun galera” eragiten duela gogoratu du: “Iaz 68 langile hil ziren lan istripuen ondorioz, aurten, dagoeneko, 16 dira”. Gainera, gaixotasunen ondorioz sortutako heriotzak eta gaixotasunak ezkutatu egiten direla salatu du, batez ere “emakumeenak direnean”.
Langileentzat “garai errazak ez diren arren”, egin beharrekoak argi dituztela esan du. “Kapitalarekin hausteagaz batera bizitzari eustea erabaki dugu”.