Beste behin, elkartasuna eta kirola batuko ditu Mendi Jaiak
Maiatzaren 12an egingo dute Gernika-Lumoko VII. Mendi Jaia. 'Elkarrekin edozer lortu geinke' ekimena lagunduko dute aurten.
Azken urteotan hainbat ekimen solidario babestu ditu Gernika-Lumoko Mendi Jaiak, eta oraingo honetan Endika Salegiren aldeko ‘Elkarrekin edozer lortu geinke’ egitasmoa lagunduko dutela jakitera eman dute (iaz, esaterako, izen emate bakoitzeko euro bat Donohue sindromea duen Maialen Aulestia umeari laguntzeko izan zen [ #gomaialen ]).
Maiatzaren 12an (domeka) egingo dute zazpigarrenez Mendi Jaia, eta bertan lehiatuko dute Urdaibai Koparen bigarren proba. Korrikalariek 17,5 kilometroko mendi lasterketa egingo dute, 10:30ean hasita. Mendi martxa luzeak ere ibilbide bera edukiko du (09:00etan da irteera-ordua). Hala, mendia eta bizikleta gustuko dituztenek 33 kilometroko ibilbidea izango dute aukeran; 09:30ean aterako dira BTT martxako parte hartzaileak. Bestalde, mendi martxa laburra 8,5 kilometrokoa izango da (11:00etan da irteera-ordua).
Izen ematea. Ohi legez, aurretiaz izena eman daiteke, eta maiatzaren 6a (astelehena) da horretarako azkenengo eguna. www.urdaibaikopa.eus edo www.herrikrosa.eus webguneen bidez izena eman daiteke.
Urdaibai Kopa eta Bizkaiko Mendi Lasterketaren Liga. Aipatu moduan, Gernika-Lumon lehiatuko dute Urdaibai Koparen bigarren lasterketa. Martxoan hasi zuten kopa, Ibarrurin, eta Julen Ozaeta eta Maria Zorroza nagusitu ziren orduan. Uztailaren 6an Ean lehiatuko dute hirugarren proba (Txipiroi Mendi Lasterketa) eta Gautegiz-Arteagako Mendi Lasterketagaz amaituko dute aurtengo kopa, irailaren 8an.
Halaber, Bizkaiko Mendi Federazioak Bizkaiko Mendi Lasterketen I. Liga antolatu du aurten, eta horretarako puntuagarriak dira Urdaibai Koparen probak. Otsailaren 17an, Zaramilloko Apuko Igoeragaz hasi zuten liga, eta Ibarrurikoa izan zen bigarren proba puntuagarria. Gernika-Lumoko VII. Mendi Jaia ligaren seigarren proba da.
Ligaren absolutu kategoriaren egutegia hemeretzi lasterketak osatzen dute. Junior kategorian, ostera, zortzi proba daude, eta horietako bat da Gernika-Lumokoa (bigarren proba da; lehena Zaramillo – Enkarterri Extrem Trails izan zen, apirilaren 6an). Maila bietan gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapenak eta sariak daude. Lasterketa bakoitzean izena eman baino ez da egin behar liga lehiatzeko, eta beharrezkoa da proba bakoitzean Bizkaiko federazioaren txartela aurkeztea.