Lorategieta auzoko festak ospatzen ari dira
Jaien hasierako txupinagaz hasi ziren Lorategieta auzoko jaiak domekan. Gaur, pintxopotea eta rock kontzertuak egongo dira aukeran, baina, biharkoa da jaien egun handia.
Gernika-Lumon Lorategieta izaten da jaiak ospatzen dituen lehen auzoa, eta dagoenerako iritsi dira aurtengo jaiak. Domekan hasi ziren jai hasierako txupina jaurtita, eta hiru eguneko egitaraua prestatu dute aurten.
SCD Lorategieta taldeko jokalari izandakoen II. Topaketa egin zuten, eta euren arteko areto-futbol partida jokatu zuten gero. Domeka arratsaldean umeen txanda izan zen, umeen jolasekin eta txokolate janagaz gozatzeko aukera izan baitzuten bertaratu zirenek.
Gaur, pintxopotean elkartuko dira auzokideak Auzune Tabernan, eta pintxoak bukatzean, rockaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. 22:00etan hasita, Triple Zero Band talde bilbotarraren eta Lomoken Hoboken Barakaldoko taldearen emanaldiak egongo dira plazan; Estatu Batuetako eta 70. hamarkadako rock and rolla landuko dituzte hurrenez hurren.
Biharko, maiatzaren 1erako ere, egun osoko egitaraua dakarte Lorategietako festek. Txistularien kalejirarekin esnatuko dira auzotarrak egun horretan, eta meza entzun ostean, kopaua izango dute.
Elai-Alaiko dantzariek bere saioa eskainiko dute eguerdi aldera, eta Auzune tabernak prestatutako paella dastatzeko aukera ere egongo da, 15:00etan. Arratsaldean, Xaiborren ikuskizuna egongo da, eta 20:00etan jaien amaiera iragarriko duen txupina jaurtiko dute.