Giro eta jendez betetako 20. artisau eta nekazal azoka
Morgako 20. Azoka izan zen domekan, eta nekazal eta artisautza produktuez gain, nesken eta mutilen aurkako binakako pentlatoi desafioagaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Zenbaki borobiletara iritsi da Morgako Azoka, eta aurten, 20. aldiz herrira jendetza erakartzea lortu du nekazal azokak. Bereziak izaten dira norberaren herrian ospatzen diren jaiak, eta horiei mogatarrek behar besteko garrantzia ematen dietela argi geratu zen domekan.
Urtero apirilaren 28an ospatzen duten Morga azokak jendez bete zuen, beste behin, herria. Eguraldia lagun, asko izan ziren inguruko herrietatik Morgara gerturatu ziren bizilagunak.
Hogeita bi postutan batu ziren ekoizle eta artisauak. Euskal ekoizleen txakolina, ogia, patea, gazta, euskal pastela, eztia edota haragia dastatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Ekoizleetatik gertu, animalia ezberdinak batzen zituen erakusketa jarri zuten nekazariek. Besteren artean, bertan ikusi ahal izan ziren Higtland behiak, Dexter behia, ardiak, alpakak, lau adarreko ardia eta aharia edota ahuntz, asto eta ardi txikiak. Egun osoan zehar egon ziren ikusgai, eta haur, gazte zein nagusiak gerturatu ziren eurak ikustera.
Eguerdian, Binakako Pentlatoi Desafioa egin zuten. Karmele Gisasola eta Irati Astondoa ibili ziren Inhar Urruzuno eta Aitzol Atutxaren aurkako ikuskizuna ematen. Tartean, Inaxio Perurena ere egon zen bertan, harri jasotze erakusketa ematen.
Adin guztiei zuzendutako azoka izan zen, umeentzako jolasak ere egon baitziren herrian. Festa, tradizioa eta lurreko produktuak uztartu ziren beraz, beste behin, Morgako azokan.