Gernikaren sorrera gogoan
653 urte bete dira Don Tello kondeak Gernikari hiri gutuna eman zionetik. Gertaera historiko hori gogoratzeko ekitaldia antolatu zuen Gernikazarra Historia Taldeak.
Gernika sortu zenetik 653 urte igaro dira, eta urtero legez, domekan, Gernikazarra Historia Taldeak gertatutakoa ekarri zuen gogora.
Ohiturari jarraiki, 12:00tan Foruen plazan batu ziren hiriko mugetatik ibilbidea egiteko. Udaletxe aurrean hasi, eta 8 de Enero, San Juan, Allende Salazar eta Adolfo Uriste kaleetatik egin zuten ibilaldia San Fidel Ikastolako txistulariek girotuta.
Ondoren, aurreskua dantzatu eta zapia jarri zioten Don Telloren eskulturak eskuetan daukan uri gutunari. Aurten, Xixili Gimnastika Taldeko kideak arduratu dira zapia jartzeaz.
Gernika sortu zeneko urteurren ekitaldia 1936. urtera arte etengabean egin zen tradizioa izan zen. Azken urteetan ohitura hori berreskuratu du Gernikazarra Taldeak, eta ekitaldia hurrengo belaunaldiei gertaeraren berri emateko egiten dutela diote.
Sorreraren historia. 653 urte bete dira Don Tello kondeak Gernikari hiri gutuna eman zionetik. Hori erakusten duen dokumentua da, hain zuzen, Don Telloren eskulturak eskuan daramana. Bertan, apirilaren 28an sortutako herriak izango zituen mugak zehazten ziren, bai eta, gernikarren eskubide, betebehar, eta abantailak zeintzuk ziren ere.