XI. Barikuetan Jai Alai Txapelketa hasiko da etzi
Hamaikagarrenez, Barikuetan Jai Alai Amerikar Kiniela Txapelketa jokatuko dute aurten, eta etzi 18:00etan hasiko den saioagaz emango diote hasiera txapelketari.
Hamaikagarrenez, Barikuetan Jai Alai Amerikar Kiniela Txapelketa jokatuko dute aurten, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Aurten, ez dela berritasunik egongo, eta txapelketaren formatuak bere horretan jarraituko duela aitortu du Gonzalo Beaskoetxeak.
Arratsaldeko 18:00etan kadete mailako lagunarteko partiduagaz hasiko da etziko saioa.
Gero, Txapelketako kiniela jokatuko dute gazte mailako bost bikoteren artean; zestalari gehienak gernikarrak izango direla zehaztu dute antolatzaileek, “mutilak aurrera ateratzea delako gure lana, eta maila oso altua dugula ikusten dugulako”.
17 eta 22 urte bitarteko gaztetxoek jokatuko dute Kiniela txapelketa, eta gazteen arteko maila “oso altua” izango dela zehaztu du Beaskoetxeak: “Horregatik aukeratu ditugu bost bikote besterik ez, puntisten maila oso altua delako. Bizkaiko eta Euskadiko txapeldunek jokatuko dute, eta ikuskizuna emango dutela badakigu”.
Gero, nagusi mailako eliteko jokalariak lehiatuko dira. Azken orduan zestalari batzuek ezin izango dutela egon zehaztu dutenez, aldaketa batzuk egin behar izan dituzte antolatzaileek. “Azken orduko aldaketak egon direnez, seguraski, hiruren arteko kiniela jokatuko dute seniorrek”, azaldu du Beaskoetxeak.
Horien artean, Gonzalo Beaskoetxea eta Mikel Manzisidor puntista ezagunak arituko dira. Hala ere, Gernika-Lumokoak ez diren eliteko zestalarien bila dabiltzala zehaztu dute arduradunek, “hasierako asmoekin jarraitzeko”.
Lau funtzio. Bariku Santu egunetan lehiatuko dituzte lehenengo partiduak. “Herrian jende gehiago dagoela aprobetxatu gura dugu”, azaldu dute.
XI. Barikuetan Jai Alai Amerikar Kiniela Txapelketan lau funtzio egongo dira aurten, eta sarrera doakoa izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Etzi izango da lehenengoa, eta hurrengo barikuan egingo dute bigarren saioa. Maiatzaren 3an ez da partidurik egongo.
Maiatzaren 10ean izango da hirugarren funtzioa, eta 17an jokatuko dituzte finalak. Betiko moduan, funtzio bakoitzean Eusko Label otzara bana zozkatuko dute.
Amerikar kiniela. Urtean zehar jokatzen ez den modalitatea da kiniela amerikarrarena, eta jokalariek Estatu Batuetan zelan jokatzen den jakiteko balio du, beste modalitate bat ezagutzeko: “Gure jokalariek Estatu Batuetan zer aurkituko duten jakiteko balio du txapelketak”.
Modalitate honetan jokatzeak ikusleei zestarekiko beste ikuspuntu bat eskaintzea dakarrela dio Beaskoetxeak: “Frontoira bertaratzen direnek Estatu Batuetan zelan jokatzen duten ikusi ahalko dute”.