Jose Ramon Bilbao izango da Gernika-Lumoko EH Bilduren alkategaia
Koalizio abertzaleak urte hasieran martxan jarritako prozesu irekian erabaki dute alkategaia. Gogoz eta ilusioz onartu du erronka berria Bilbaok, eta argi dauka bere egitasmo nagusia zein izango den: guztiona izango den epe luzerako Herri Proiektua marraztea.
2019ko udal eta foru hauteskundeetarako zerrendaburu izendatu du Gernika-Lumoko EH Bilduk Jose Ramon Bilbao Buli. Koalizio abertzaleak urte hasieran martxan jarritako prozesu irekian erabaki du alkategaia zein izango den.
Gogoz eta ilusioz onartu du erronka berria Bilbaok, eta argi dauka bere egitasmo nagusia zein izango den: guztiona izango den epe luzerako Herri Proiektua marraztea. Horretarako, herritarren eta erakundeen arteko arrakala “itxi” eta “zubiak eraikitzea” dela gakoa dio: “Herritarrekin egon, entzun, ikasi, adostu eta ekin egin behar da”.
Orain, Gernika-Lumoren alde lan egingo duen talde “indartsu eta zabala” osatzen dabilela aurreratu du koalizio abertzaleak. Bere asmo nagusia oinarri hartuta ekin dio lagunduko dion taldea prestatzeari: “Esparru desberdinetan eskarmentua duten pertsonez osatuta egongo da hautagaien zerrenda”.
EH Bilduk azaldu duenez, koalizio abertzaleko oinarriek proposautako hainbat pertsonekin hitz egin eta gero, arlo askotako herritar “konprometitu eta aktiboak” batu dira taldera. Datorren hilabetean aurkeztuko dute hautagaitza osoa, eta horrekin batera euren proposamenen eta legegintzaldi berriko lan ildo nagusien berri emango dute.
Zinegotzi lanak. Biologian doktorea da Bilbao, eta EHUko Medikuntza fakultatean irakasle eta ikertzaile lanetan dabil. Gainera, EH Bilduko zinegotzia izan da Gernika-Lumoko Udaletxean azken bi legegintzaldietan.