Urdaibai ezagutzeko eskaintza turistiko zabala aurkeztu dute
Bermeo, Mundaka eta Gernika-Lumoko turismo bulegoek Aste Santurako turismo eskaintza bateratua prestatu dute.
Bermeo, Mundaka eta Gernika-Lumoko turismo bulegoek Aste Santuan Urdaibaiko Biosfera erreserba ezagutzeko eskaintza turistikoa aurkeztu dute.
Bego Gangoiti Bermeoko Turismo arduradunak azaldu duenez, “gure eskualdeak eskaintzen dituen aukera guztien berri emateko” gida turistiko bateratua prestatu dute.
Bermeori dagokionez, Gangoitik Gaztelugatxen apirilaren 13tik 28ra eskainiko dituzten bisita gidatuak nabarmendu ditu. Bisitekin Bermeo eta Gaztelugatxeren historia helarazi nahi diete bisitariei. 12:00etatik 17:00etara orduro egingo dituzte, euskarazkoak eta gaztelerazkoak txandakatuz. Baselizan informazio puntua ezarriko dute, 11:00etatik 18:00etara bitartean.
Gangoitik gogoratu duenez, Aste Santuan Gaztelugatxera joateko ezinbestekoa da erreserba egitea. Tiketak doakoak dira, eta Tiketaren webgunean eskuratu daitezke.
‘Memori Tour’. Gernika-Lumok ere herriko historiaren aldeko apustua egingo du oporraldian. Izan ere, Bakearen Museoak Memori Tour izeneko ekimena prestatu du.
Gernikako bonbardaketa ardatz duten lau ibilbide gidatu prestatu dituzte. Bakoitzak gai nagusi bat landuko du: babesleku antiaereoak, herriaren berreraikuntza, monumentuak eta memoria edota Picasso eta Guernica.
Interesatuek aldez aurretik erreserba egin beharko dute. 8 eta 50 pertsona bitarteko taldeentzako erreserba egin daiteke. Bakarrik doazenek museoaren webgunean egutegia kontsultatu beharko dute. Ibilbideak 2 euroko prezioa du pertsonako eta museoko sarrera gehitu behar zaio.
Gangoitik pertsona guztiak gonbidatu ditu Bermeo eta Urdaibai ezagutzera Aste Santuan. Besteak beste, “Bird Center eta Ekoetxea” moduko guneekin “leku benetan zoragarriak ditugu; eta paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin ondo pasatzeko aukera izango dute bisitatzen gaituzten guztiek”.