Itzuliko 3. etaparen ostean, Pello Bilbao sailkapen orokorreko zazpigarren postuan dago
Nafarroan eta Araban aritu dira gaur txirrindulariak. Sarriguren eta Estibalizko Santutegiaren arteko 191,4 km-ko etapa Maximilian Schachmann alemaniarrak irabazi du. Bi etapa garaipen lortuta, bera da liderra, eta Bilbao 54 segundora dago.
Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapa lehiatu dute gaur. Maximilian Schachmann alemaniarrak irabazi du gaurko etapa, eta bera da liderra (lehen etapa ere berak irabazi zuen). Pello Bilbao Lopez de Armentia Astana taldeko txirrindulari gernikarra sailkapen orokorreko zazpigarren postuan jarri da gaur; liderrarengandik 54 segundora dago.
Sarrigurenen (Nafarroa) hasita, txirrindulariek 191,4 km-ko ibilbidea egin dute. Eguneko ihesaldiaren ostean, sprintean erabaki da etapa. Lau ordu, 47 minutu eta 57 segundo markatu ditu tropelak Estibalizko Santutegiko helmugan (Araba). Bi italiar sartu dira Schachmann-en atzetik; Diego Ulissi lau segundora sailkatu da, eta Enrico Battaglin sei segundora.
41 txirrindulari sartu dira tropelean horien artean zegoen Bilbao (25. sailkatu da). Ion Izagirre izan da lehen euskalduna; bosgarren sailkatu da. Hain zuzen, sailkapen orokorrean bigarren dago Bilbaoren taldekidea, liderrarengandik 33 segundora. Patrick Konrad hirugarrena ere denbora berera dago.
Ihesaldia. Gaurko etaparen 20. kilometroan ihesaldia abiatu dute zortzi txirrindularik. Kilometroak aurrera egin ahala, taldea murrizten joan da, eta lau txirrindulari gelditu direnean, helmugarako 5,5 km falta zituztela tropelak harrapatu ditu. Hala, helmugarako 5 km-ren faltan erorikoa izan dute hainbat txirrindularik, eta Alaphilippe eta Castroviejo lasterketatik kanpo geratu dira.
Bizkaira, bihar. Itzuliko 4. etapa lehiatuko dute bihar. Gasteiztik Arrigorriagara 163,6 km egingo dituzte txirrindulariek. Barikuan, berriz, Busturialdetik eta Lea-Artibaitik pasatuko dira. Arrigorriagatik abiatuko dute etapa, eta Arrate heldu arte 149,8 km egingo dituzte.
Morga, Natxitua eta Bedarona 3. mailako mendateak igoko dituzte lehenengo. 14:10ak aldera Morgara iritsiko direla aurreikusi dute; Muxikatik (14:22), Gernika-Lumotik (14:27), Kortezubitik (14:34), Gautegiz-Arteagatik (14:35), Kanalatik (14:42), Ibarrangelutik (Laida 14:46, Laga 14:51, herrigunea, 14:55) eta Eatik (Natxitua, 14:57, Ea 15:04 eta Bedarona 15:08) pasatuko dira.
Eatik joango da Lea-Artibaira. Lekeitio eta Ondarroa zeharkatu ostean, Gipuzkoan sartuko da. Ondoren, Ixu Gaina 1. mailako mendatea pasatuta sartuko dira Barinagan, eta Etxebarria eta Markina-Xemeinetik igarota, Trabakua Gaina igoko dute (3. mailako mendatea).
Zapatuko 118,2 km-ko etapan (Eibar-Eibar) argituko da aurtengo irabazlea.