25. urteurrena beteko du aurten Arrain Azokak
Maiatzaren 17an irekiko dituzte azokako ateak.
Bermeoko 25. Arrain Azoka maiatzaren 17tik 19ra bitartean egingo dute aurten. Bermeoko Udalak aldarrikatu duenez, “1994. urtetik egiten den Bermeoko Arrain azoka lehenengoa da Euskal Herrian eta gaur egun mota horretako azoken artean garrantzitsuena da”.
25. urteurrenerako egin duten kartelean azokaren ibilbidea islatu nahi izan dute. “Arrain azokan beti presente egon diren elementuak agertzen dira”. Esaterako, kontserbak, arraina, ikerketa, arrantzaleak, sareginak edota itsasontziak.
Udalarentzat, azoka Bermeoko “produktu eta kulturaren erakusleiho aparta” da, eta horregatik bere “apustua berretsi” egiten duela adierazi du. “25 urte hauetan Bermeoko Arrain Azoka erreferentea izateko elkarlanean ari dira udala, kontserba enpresak eta erakundeak; izan ere, oso garrantzitsua da gure herriaren etorkizunerako”.
Hegalaburraren hiriburua. Joan den urteko azokan aurkeztu zuten Bermeo Tuna World Capital ekimenagaz jarraitzeko asmoa ere adierazi du udalak, eta aurten berriro bere espazio propioa edukiko duela nabarmendu du.
“Aurten 25 urte betetzen dituen Arrain Azokak beste horrenbeste betetzea espero dugu eta erreferentea izaten jarraitzea”, azaldu du.