Pello Bilbaok azkarrenen artean hasi du Itzulia
Zumarragan erlojupekoagaz hasi dute gaur Itzulia, eta Pello Bilbao Lopez de Armentia gernikarra hamaikagarren sailkatu da. Maximilian Schachmann alemaniarra da lehen liderra.
Pello Bilbao Lopez de Armentia Astana taldeko txirrindulari gernikarrak onenen artean sartuta hasi du Itzulia. Zumarragan ekin diote aurtengo Itzuliari, 11, 2 kilometroko bakarkako erlojupekoagaz, eta hamaikagarren sailkatu da gernikarra.
17 minutu eta 10 segundo markatu ditu Maximilian Schachmann gaurko etapa irabazleak, eta Bilbao 32 segundora sailkatu da (segundo bakarragatik ez da sartu lehen hamarren artean). Alemaniarrak liderraren mailot horia janzteaz gain, mendiko mailota eta gazteenarena ere bereganatu ditu.
EFko Daniel Felipe Martinezek (+9 seg) eta Skyko Michal Kwiatkowskik (+ 10 seg) osatu dute podiuma. Gernikarra bigarren euskalduna izan da; bere taldekide Ion Izagirre zazpigarren sailkatu da, irabazlearengandik 22 segundora.
Azken urteotan Itzulia erlojupekoagaz amaitzera ohituta zeuden zaleak, aurten, baina, horrela ekin diote lasterketari. 42 urte dira Euskal Herriko Itzulia erlojupeko batekin hasten ez zela–1977an Javier Elorriaga nagusitu zen Hondarribian–.
784,3 kilometro ditu aurtengo tzuliak, eta 22 mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: lehen mailako bost, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako hamabost.
Biharko etapa Zumarragan hasi eta Gorraizen (Nafarroa) amaituko dute; 149,5 km-koa da. Etzi, ostera, Araban egingo dute 191,4 km-ko etapa, Sarrigurenen hasi eta Estibalizko santutegian bukatuko dute.
Eguenean iritsiko da Itzulia Bizkaira. Arabako hiruburuaren eta Arrigorriagaren artean 163,6 km egingo dituzte txirrindulariek.
Barikuan, Busturialdetik eta Lea-Artibaitik pasatuko dira barikuan. Arrigorriagatik abiatuko dute etapa, eta Arrate heldu arte 149,8 km egingo dituzte.
Morga, Natxitua eta Bedarona 3. mailako mendateak igoko dituzte lehenengo. 14:10ak aldera Morgara iritsiko direla aurreikusi dute; Muxikatik (14:22), Gernika-Lumotik (14:27), Kortezubitik (14:34), Gautegiz-Arteagatik (14:35), Kanalatik (14:42), Ibarrangelutik (Laida 14:46, Laga 14:51, herrigunea, 14:55) eta Eatik (Natxitua, 14:57, Ea 15:04 eta Bedarona 15:08) pasatuko dira.
Eatik joango da Lea-Artibaira. Lekeitio eta Ondarroa zeharkatu ostean, Gipuzkoan sartuko da. Ondoren, Ixu Gaina 1. mailako mendatea pasatuta sartuko dira Barinagan, eta Etxebarria eta Markina-Xemeinetik igarota, Trabakua Gaina igoko dute (3. mailako mendatea).
Zapatuan Eibarren hasi eta amaituko duten 118,2 km-ko etapan argituko da aurtengo irabazlea.