Basurdeek puntu bakarreko aldeagaz galdu dute Urbietan
UBU Colina Clinic Burgoseko taldea 27-28 nagusitu zaio Gernika RTri. Aste honetan bi partidu jokatuko dituzte basurdeek. Eguaztenean Urbietan Complutense Cisneros hartu ostean, domekan Madrilen lehiatuko dute ligako azken jardunaldia.
Ohorezko Mailako taldeek aste honetan amaituko dute Heineken Liga, Gernika RTk bi partidu jokatuko ditu. Eguaztenean (apirilak 10) Complutense Cisnerosen kontra ariko da Urbietan, 16:00etatik aurrera (16. jardunaldian bertan behera utzi behar izan zuten partidua zelaiaren egoera txarragatik). Domekan (apirilak 14), berriz, Madrilen agurtuko du liga, Sanitas Alcobendas Rugbyren kontra (12:30).
Mailari eusteko helburua lortzeko bidean, partidu guztiek final kutsua daukate basurdeentzat, eta hortaz, hurrengo bi partiduetan dena eman behar dutela argi dute.
Gernika-Lumoko taldeak lau jardunaldi zeramatzan galdu barik ( bi irabazita eta bi berdinduta), baina, zapatu arratsaldean puntu bakarragatik jaso zuen porrota: 27-28.
Burgoseko taldeak izan zituen partiduko lehen aukera garbienak, eta zigor kolpe bategaz markagailua estreinatu zuten. Lehen minutuetan, etxeko taldeak ez zuen aukera askorik sortu. Hala ere, apurka-apurka euren jokoa berreskuratu zuten. Aurkariak jokalari bat gutxiagogaz geratu zirenean, (Matias Biancok txartel horia ikusi zuen) Timoti Marr-ek entsegua egin, eta Iker Olaetak transformatuta, aurretik jarri ziren: 7-3.
Alabaina, Burgoseko taldeak lehen minutuetako erritmoa hartu zuen. Lehen zatian nagusi izan zen, partidua kontrolatuz, eta erasoan ahalegin betean aritu zen taldea. Nagusitasun hori markagailuan islatu zuten (7-10). Baina, lehen zatia amaitu aurretik, etxeko taldeak pauso bat eman, eta abisu argia bota zien aurkariei. Bi entsegu egin, eta hamabi puntuko errentagaz ailegatu ziren atsedenaldira (22-10).
Baina, bigarren zatian kolpe latza jaso zuten basurdeek. Burgoseko taldeek hiru entsegu jarraian egin zituzten, 11 minututan (48.min, 52. min eta 59. min). 22-25eko markagailuagaz, aurkarien defentsa lan itzelari esker, etxekoak eskuak lotuta zeuden. 20 bat minututan erasoko jokaldiak sortzea ezinezkoa egin zitzaien. Baina, basurdeen kemenari eta zaleen bultzadari esker, Mateo Bast kapitainak marka egin, eta aurretik jarri ziren: 27-25. Amaiera zirraragarria izan zen; alde estua egon zen bi taldeen artean.